Azaroko udalbatzarrean 2025 ordenantza fiskalak behin betikoz onartu ondoren, datorren osteguneko –abenduaren 26eko– osoko bilkuran udal aurrekontuak izango dituzte aztergai. Zarauzko EH Bilduren udal taldea kezkatuta agertu da haiek egindako ekarpenak "kontuan hartu gabe" aurkeztuko duelako Udal Gobernuak bere proposamena.
Koalizio subiranistako bozeramaile Itziar Muruak argi utzi du “benetako ahaleginak" egin dituztela, "eskaera egingarriak proposatuz eta akordiorako erraztasunak jarriz". Udal Gobernuak, aitzitik, "ez du nahi izan eta bertan behera utzi ditu" EH Bilduren proposamenak”. Negoziaketa mahaian jarri dituzten proposamenak zuzenketa bidez aurkeztuko ditu osteguneko bilkuran, eta bertan eztabaidatu eta bozkatu ondoren, aurrekontuetan sartzeko azken ahalegina egingo du.
2025ko aurrekontu proposamena berezia dela dio koalizioak, "inbertsiorik gabe aurkeztu dituztelako eta horrek gure proposamenak mugatu dituelako". Herritarrei zuzenean eragiten dieten gaietan "hobekuntzak" proposatu ditu, baina etsipenez jaso dute aurrera atera ez izana”.
UKTren diru laguntza
EH Bilduk aurkeztuko dituen zuzenketak bost dira. Urola Komunikazio Taldearen (UKT) diru laguntzaren igoera da horietako bat; euskarazko komunikabideek egiten duten lana "euskal gizartearentzat beharrezkoa eta onuragarria" dela zehaztu du, eta horregatik, "Zarauzko GUKA argitaratzen duen taldeari diru laguntza erdira jaistea ez dugu ulertzen, are gehiago azken urtean egin duten apustua eta berrikuntzak ikusirik". Koalizioaren iritziz, "oso eztabaidagarria " da orain arte jaso duen kopurua ere, baina gutxienez ere kopuru hori bermatzea eskatzen dute.
Udal Gobernuak duen jai ereduarekin ez dator bat, eta abuztuko festak eta herriko festen arteko oreka lortzea du gure helburu EH Bilduk. Hala, San Pelaio eta auzoetako jaien partiden igotzeko zuzenketa egingo du. Eskaera honen norabidean aldaketa batzuk egin ditu Udal Gobernuak, baina koalizioaren ustez, ez da nahikoa eta aldaketa handiagoak eskatu ditu.
Era berean, Zarauzko merkataritza gainbeheran dagoela adierazi dute, eta hori ekiditeko eta herriko merkataritza biziberritzeko plan bat egitea beharrezkoa ikusten dute. Baita
herritarrekin autokontsumoa bultzatu eta energia berriztagarrien aukerak lantzeko zerbitzu bat jartzeko partida sortzea ere.
Azkenik, Zarauzko udaltzaingoa kontratatzeko Zarauzko Udalaren OPE bat egiteko aholkularitza zerbitzu bat kontratatzea proposatzen du EH Bilduk. "Gure Udaltzaingoaren eredua herritarrak erdigunean jarri eta gertutasunean eta prebentzioan oinarritutakoa izan behar duela uste dugu. Horregatik, kontratatzeko prozesua lan eskaintza publiko propio baten bidez egin beharko litzateke, eta lehen pauso bezala, aholkularitza zerbitzu bat kontratatu".
Gutxieneko konpromisoak
Koalizioak aurreratu duenez, Udal Gobernuaren aurrekontu proposamenak ohiko sarrerak eta gastuak bakarrik zehaztu ditu, baina ez du inbertsiorik aurkeztu, "horiek gerakina erabiliz egingo dituztela eta hori ezin dela aurrekontuetan sartu argudiatuz". Hori horrela, EH Bilduk gutxieneko konpromiso batzuk hartzeko eskatu dio negoziaketan, bi lehenetsiz: bata, malekoiko zorua berritzea, "arriskutsua dagoelako eta urgentziaz berritzea behar duelako"; eta bestea, "Santa Klarako obrak oraindik ez direla hasiko ikusirik, gainontzeko herriko kultur ondarearen mantentze eta berritze plan bat egitea eta horrekin hastea”.
EH Bilduren udal taldeak adierazi duenez, osteguneko udalbatzarrean aipatu zuzenketak aurkeztea da haien "azken aukera", eta espero dute negoziaketan eztabaidatutako proposamenak osotasunean hobetsi ez arren, Udal Gobernuak zuzenketa hauetako batzuk onartzea.