Ostiralean iritsiko dira Zarautzera aldundiak 2025erako prestatu duen egutegiaren aleak

Mailo Oiarzabal 2024ko abenduaren 9a

2025eko egutegia osatzeko argazki lehiaketaren sari banaketa. (GFA)

Goizean, bi orduz ariko dira egutegiak banatzen Lege Zaharren Enparantzan, 11:30etik 13:30era.

Gipuzkoako Foru Aldundiak prest dauka 2025eko egutegia, eta lehen aldiz, lurraldeko udalerri guztietara iritsiko da foru egutegiaren banaketa. Gipuzkoa 1.000 urte leloarekin osatu du erakundeak datorren urterako egutegia eta lelo berarekin deitu zuen egutegia osatzeko argazki lehiaketa ere, "Gipuzkoaren lehen aipamen dokumentalari omenaldia" eginez eta "gipuzkoarrei lurraldearen iraganari, orainari eta etorkizunari buruz duten ikuspegia islatzera gonbidatuz".

Egutegiaren 40.000 ale inprimatu ditu aldundiak eta horiek "udalerri bakoitzeko biztanleriaren arabera" banatzea da erakundearen asmoa. "Gainera, egutegia Gipuzkoako foru eraikinetan eta egoitzetan egongo da eskuragarri. Bederatzi egunez, bi furgonetak lurraldea zeharkatuko dute, banaketa bermatzeko", azaldu du.

Asteburu honetan iritsiko da aipatu furgoneta Urola Kostako herrietara. Zarautzen, ostiral goizez banatuko dituzte egutegiaren aleak Lege Zaharren Enparantzan, 11:30etik 13:30era bitartean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide