Maria Lasa eta Juan Garikano izan dira garaile Bikote Mistoen Lasterketan

Aritz Mutiozabal 2024ko abe. 1a, 15:00

700 bikote pasatxok bukatu dute aurten, Zarautz Rugby taldeak hirugarren antolatu duen proba klasikoa. Zarauztarren artean, June Agirrezabalaga eta Aritz Arregi izan dira bizkorrenak; sailkapen orokorrean bosgarren postuan helmugaratu dira.

Udazkeneko hego haizea lagun, eta korrika egiteko baldintza egokietan,  jokatu dute gaur eguerdian 45. Zarauzko Bikote Mistoen Lasterketa; Zarautz Rugby taldeak hirugarren urtez antolatu du kirol ekitaldi klasikoa, aurten ibilbide berrituarekin. Aritzbatalde kiroldegi aurretik irteera eman bezain pronto, abiatu da ehunzangoen festa parekidea.

Batzuk puntan-puntan aritu dira hasiera-hasieratik garaipena lortzeko lehian, eta beste batzuk, berriz, proba herrikoian gozatzeko beste erronkarik ez dute izan, lagunartean eta familiartean korrika irtetea, alegia. Guztira, 700 bikote pasatxok bukatu dute lasterketa, eta bikote irabazlea Maria Lasa irurarrak eta Juan Garikano tolosarrak osatutakoa izan da.

Lasterketa hasi eta Mitxelenatik Iñurritzara bidean, korrikalari multzo andana luzatu egin da, erritmoaren araberako multzotxoak osatuz. Buruan, ondoren podiumerako borrokan ariko ziren bikoteak jarri dira lehen itzulia osatu baino lehen. Pixkana-pixkana, ordea, Lasa-Garikanok pausoak bizkortu dituzte, tartea zabalduz.

 

Atzetik, Maite Carrica donostiarra eta Mikel Leal irundarra, Nerea Urteaga zumaiarra eta Iñaki Salaberria eskoriatzarra, Nerea eta Iñaki Murua  anai-arreba altzoarrak eta June Agirrezabalaga eta Aritz Arregi zarauztarrak joan dira, eta lehia interesgarria bezain irekia zegoela ikusi da.

Azkenean, Lasa-Garikano nagusitu dira alde nabarmenarekin, 28:54ko denbora eginez. Bigarren posturako borroka estua egon da, baina segundo bateko aldearekin, Carrica-Leal helmugaratu dira Urteaga-Salaberriaren aurretik, eta modu horretan, finkatuta geratu da aurtengo podiuma.

Bikote zarauztar onenen artean, Agirrezabalaga-Arregik eraman dute txapela, sailkapen orokorrean bosgarren postua lortu ostean. Bigarrenak Olatz Flores eta Julen Ansola izan dira, sailkapenean hamargarren, eta hirugarrenak Iratxe eta Agosti Aranburu anai-arrebak.

Sailkapenak eta denborak esteka honetan ikus daitezke.

(Argazkiak: Maitane Elduaien, Mireia Galarza Bastida eta Aritz Mutiozabal)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide