Hainbat ekitaldi antolatu ditu udalak Euskararen Egunaren harira

Intza Trula 2024ko aza. 29a, 09:00

Eingo erromeria taldea. (Lore Bengoetxea Busturialdeako Hitza)

Klown bertso saioa egingo dute gaur, 20:00etan, Modelo aretoan; igandean, berriz, Eingo erromeria taldeak girotuko du 18:00etatik aurrera Musika Plaza.

Euskararen Eguna da abenduaren 3a, asteartea, eta Zarauzko Udalak egunari lotutako hainbat ekintza antolatu ditu herritarrentzat.

Hain justu, gaur izango da lehen hitzordua, Klown bertso saioa egingo baitute 20:00etan, Modelo aretoan. Bertsoa eta klowna uztartzen dituen saioan parte hartuko dute Andoni Egaña, Libe Goenaga eta Iñigo Mantzisidor Mantxi bertsolariek. Klown lanetan, berriz, Beatriz Egizabal umoregileak jardungo du. Saiorako sarrerak doan eskuratu ahal izango dira saioa hasi baino ordubete lehenago, Modeloko leihatilan.

Igandean, 18:00etatik aurrera, Eingo erromeria taldeak dantzan jarriko ditu Musika Plazara gerturatzen diren guztiak. Horrez gainera, igande goizean jokatuko den 45. Zarauzko Bikote Mistoen Lasterketarako sortu dituzten kamisetekin keinu egingo diote euskarari, Zarauzko Udaleko Euskara sailak babestuta.

Ikastetxeetan ere euskararen alde

Azken urteetan egin duten moduan, aurten ere Zarauzko ikastetxeetan hainbat ekintza egingo dituzte Euskararen Egunari lotutakoak. Horien artean, ikasleek aurkeztutako pegatinak eta bideoak sarituko dituzte gaur, 13:00etan, Etxezabalako bilera aretoan.

Horrez gain, betiko dinamikari jarraituz, herriko ikasleek Goazen Antzerkira programaz, Euskal Musikagintzaren Historia hitzaldiaz, Apaxi ipuin kontalariaz eta Bizkarsoro filmaz gozatu ahal izango dute; adin eta mailaren arabera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide