Zarauzko Bikote Mistoen Lasterketa modalitatearen aitzindaria da, eta igande goizean 45. aldiz jokatuko dute. Hirugarren urtez, Zarautz Rugby Taldeak hartu du proba antolatzeko ardura, eta aurtengo berrikuntza nabarmena ibilbidean dagoela nabarmendu du klubak. "Lehen Paxotik igarotzen ziren korrikalariak, baina orain Zigordia kaletik aurrera egingo dute, eta tren geltoki berriko azpibidea zeharkatu. Horrekin batera, irteera gunetik [Araba kaletik] ez gara berriro pasatuko; kiroldegi aurretik abiatuko gara, eta gero, lasterketaren gehiengoa herriaren erdialdean izango da", nabarmendu du errugbi taldeko lehendakari Mikel Larrañagak.
Ohi bezala, parte hartzaileek hiru itzuli egin beharko dizkiote ibilbideari: lehena da luzeena, zuzenean Iñurritzaraino joango baitira Mitxelena kaletik, eta buelta Gipuzkoa kaletik egingo dute; bigarren itzulian, Mitxelenatik jarraitu beharrean, Zelai azpibidea igaroko dute eta Gipuzkoa kaletik murriztuko dute ibilbidea; eta azken itzulian, bigarrenean bezala, Gipuzkoa kaletik jarraituz, Lege Zaharren Enparantzan izango dute helmuga. Antolatzaileek zehaztutako berrikuntza nabarmentze aldera, tren geltokiko bidea pasatzen duten aldiro, Amalur parkean barna sartuko dira korrikalariak aurten, Santa Klara komentuaren ingurumarian.
Parte hartze handia espero du Zarautz Rugby Taldeak, eta ziur dago ostirala bitartean bikote gehiago animatuko direla. "Pozik gaude urtetik urtera parte hartzea handiagoa delako. Izan ere, herritik ez ezik, Euskal Herriko beste lurraldeetatik ere etorriko dira korrikalariak, baita Espainiako beste erkidego batzuetatik ere", azaldu du Larrañagak. Txumai Fernandezek erretiroa hartu ondoren jaso zutela haren lekukoa gogora ekarri du Dani Higon errugbi taldeko batzordekideak, eta lehen aldi hartan 520 bikote izatera iritsi zirela; iaz, berriz, 620 bikotek parte hartu zuten. "Hasieratik gure helburua izan da mila bikote animatzea; hau da, 2013ko markara iristea", zehaztu du.
Langara iristear
Aurten, jada, "ezarritako langara" iristen ari direla jakinarazi du Higonek. Haren esanetan, 700 bikotera iristeko zorian ziren astelehen arratsaldean, eta "badirudi 850era" iritsiko direla, "kontuan izanda oraindik izena emateko egunak geratzen direla". Hori da aurtengo parte hartze muga: 850 bikote. Momentuz, gehiagori ezin diote aurre egin; iaz bezala, Lege Zaharren Enparantzan ezarriko dute helmuga, eta "jende kopuru hori baino gehiago ez da kabitzen".
Hori horrela, datorren urtean izen emate epea lehenago irekitzeko asmoa dute. Jakin badakite Zarautzen eta zarauztarren artean oso errotuta dagoen proba dela, baina pixkanaka kanpora hedatu nahi dute, jende gehiagorengana iritsiz. Han eta hemengo bikote mistoen lasterketak berreskuratzen ari direla jakitera eman dute, hala nola Beasaingoa (Gipuzkoa). "Haiekin ere [Beasaingo kideekin] elkarlanean ari gara, baina, azken finean, gure lasterketari hauspo berri bat ematea da gure nahia, indartzen saiatzea", diote errugbi taldekoek.
Aurten, gaztetxoen probarik ez dute antolatu, eta Larrañagak arrazoitu duenez, parte hartze txikia zuelako eta eskola kirolaren barruan txertatzea egokiagoa ikusten dutelako hartu dute erabakia. Gainerakoan, helduen betiko probak 7,8 kilometroko ibilbidea izango du, eta 11:00etan hasiko da Aritzbatalde kiroldegiaren aurretik. Dortsalak Aritzbatalde frontoian jaso beharko dira; larunbatean, 16:30etik 18:30era, eta igandean, 09:00etatik 10:30era.
Lasterketako lehen hiru sailkatuentzat egongo da saria, eta Zarauzko lehen hiru bikoteentzat ere bai. Gainerakoan, parte hartzaile guztiek lasterketako elastikoa jasoko dute, eta txorizo pintxoa ere bai. Era berean, hainbat sari zozkatuko dituzte proba osatzen dutenen artean.
Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak eskerrak eman dizkio Zarautz Rugby Taldeari egiten ari den "berreskuratze" lanagatik. "Ziur proba hobetuko dutela, ez kopuru aldetik bakarrik, baita giroari dagokionean ere; oro har, antolaketaren alderdi guztietan izango dira hobekuntzak", azpimarratu du.