Udalak segurtasun neurriak betetzeko eskatu die bizikleta erabiltzaileei

Intza Trula 2024ko aza. 27a, 12:45

Pertsona bat bizikletan bidegorritik. (Intza Trula)

Astebete igaro da udalak bide segurtasuneko kanpaina abiatu zuenetik; denbora horretan, besteak beste, 400 erabiltzaile antzeman dituzte bizikletan argirik gabe. Datorren astetik aurrera ekonomikoki zigortuko dituzte zirkulazio arauak betetzen ez dituztenak.

Astebete igaro da Zarauzko Udalak bide segurtasuneko kanpaina martxan jarri zuenetik. Hain zuzen ere, argien derrigorrezko erabilera aste hauetan indarrean egongo den kanpainak.

Udalak jakitera eman duenez, kanpainaren lehenengo zazpi egunetan egindako kontroletan 400 erabiltzaile inguruk ez zeramaten argirik bizikletan. Horrez aparte, "beste arau-hauste mota batzuk" antzeman zituzten; hala nola kaskoa ez eramatea (16 urtetik beherakoen kasuan), espaloitik ibiltzea edo bizikletatik ez jaistea Paxo azpi pasabidean.

Egoeraren aurrean, Gervasio Gabirondo Zarauzko Udaleko Hiri Segurtasuneko zinegotziak argi utzi nahi izan du segurtasun neurri horiek "ez direla kapritxo bat", bizikleten erabiltzaileen eta gainerako bide publikoen erabiltzaileen "segurtasuna hobetzeko instituzionalki hartutako erabakiak" baizik. Horrenbestez, arauak betetzea "nahitaezkoa" dela gogorarazi du.

Ildo beretik, Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak  bizikleta erabiltzaileek bete beharreko arauak gogorarazi nahi izan ditu: "Hirian kaskoa derrigorrezkoa da 16 urtetik beherako erabiltzaileentzat, ezinbestekoa da argiak eramatea eta gomendagarria da arropa islatzaileak eramatea". Halaber, telefono mugikorrak edo entzungailuak erabiltzea debekatuta dagoela gaineratu du. Gainera, argi utzi du alkoholaren kontsumoa eta bizikleta ez direla bateragarriak. Amaitzeko, espaloitik joatean bizikletatik jaitsi behar dela eta lehentasuna oinezkoek dutela esan du.

Bide-segurtasuneko kanpainak aste honen amaierara arte jarraituko du bizikleta gidariak informatuz eta, ondoren, bizikleten zirkulazio-arauak hausten dituzten erabiltzaileei isunak jartzen hasiko dira.

Hala eta guztiz ere, udalak bizikleta erabiltzaile "asko" zoriondu behar dituela esan du, "segurtasun-arauak betetzen dituztelako eta bide publikoen erabiltzaile guztien arteko bizikidetza errazten dutelako".

Bizikleten erabilera Zarautzen

Zarauzko Udalak duela gutxi jaso du Olatu Berdea Mobility enpresari eskatutako herriko bizikleten inguruko txostena.

Txostenak dio Zarautzen 28.262 bizikleta daudela. Datu horrek Zarautz (1,23 bizikleta/biztanle) garraio mota hau gehien erabiltzen den Europako hirien parean kokatzen du. Esaterako, zerrenda horretan daude Amsterdam (0,97 biz./bizt.), Copenhague (0,84 biz./bizt.), Utrecht (1,44 biz./bizt.) eta Groningen (1,7 biz./bizt.).

"Txosten honek mugikortasunak eta bizikletaren munduak Zarautzen duten erronka handia berresten du, bai eta Mugikortasuna, Errespetua eta Bizikidetza bezalako kontzientziazio-proiektuen beharra", gaineratu du Basurkok.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide