Zarauzko Udalak herritarrak eta, batez ere, gazteak kontzientziatu nahi ditu bizikletaz ibiltzerakoan segurtasun elementuak soinean eramateak duen garrantziaz, eta bide segurtasuneko kanpaina bat martxan jartzekotan da. Hain zuzen ere, argien derrigorrezko erabilera izango du ardatz asteazkenetik aurrera hiru astez indarrean egongo den kanpainak.
Gervasio Gabirondo Herritarren Segurtasunerako zinegotziaren esanetan, bizikletan argiak erabiltzea derrigorrezkoa bada ere, herritarren artean oraindik ohitura hori ez dago oso zabalduta, eta kanpaina abiarazteko beharra ikusi dute. Kanpainak iraungo duen asteetan kontrolak egingo dituztela, mailaka. Lehenengo egunetan, herritarrei bete beharreko araudiaren eta segurtasun gomendioen berri emango diete udaltzainek. Gero, txirrindulariei denbora bat utziko diete argiak eskuratzeko eta jartzeko, eta behin epe hori pasata, isunak jartzen hasiko dira. Bizikleta gehien ibili ohi diren lekuak eta ordutegiak kontrolatuko ditu Udaltzaingoak, eta Gabirondok aurreratu du egoera bakoitzean zaurgarriena den elementua babesteko irizpidea oinarri hartuta jokatuko dutela.
Kanpainaren helburua kaleetako segurtasuna eta lasaitasuna handitzea direla adierazi du udalak. "Zarautzen erronka da bizikletaren erabilera sustatzea, eta badakigu herritarrentzako segurtasuna zein garrantzitsua den. Hori dela eta, hainbat jarduketaren bidez, istripuak izateko arriskua murriztu behar dugu, ibilgailu motordunak tartean dauden egoeretatik hasita, horiek baitira kalte gehien eragin dezaketenak. Erronka partekatua da eta guztiok egin jar dezakegu gure hondar alea", adierazi du Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak.
Udalak ohar bidez adierazi duenez, goizetan zarauztar asko joaten dira bizikletaz eskolara zein lanera, eta arratsaldeetan ere bizikleten joan-etorria handia izaten da herriko kaleetan, askok garraiobide hori erabiltzen dutelako eskolaz kanpoko ekintzetara, entrenamendu saioetara edo erosketak egitera joateko zein etxera itzultzeko. "Ibilbide horietako asko argiztapen gutxiko egoeretan egiten dituzte, eta bizikletan argi egokiak eramateak laguntzen du kaleetan oinezkoak, gainontzeko bizikletak edo beste ibilgailuak ikusten eta identifikatzen eta, era berean, argiei esker, besteek ere errazago ikusten gaituzte gu".
Kanpaina horren atzetik, beste batzuk etorriko direla aurreratu du Udalak, "guztientzako mugikortasun segurua lortzeko helburuarekin". Hurrengoa hilabete batzuk barru jarriko dute martxan, eta mugikortasunean parte hartzen duten eragileen arteko errespetua eta partekatutako eremuetako zirkulazio egokia izango ditu ardatz. Kanpaina horiek guztiak duela hilabete batzuk udalak abian jarritako Mugikortasuna, Errespetua eta Bizikidetza proiektuaren baitakoak dira.