Gabonak gerturatzen ari dira, eta urtero legez, Zarauzko Udaleko Turismo departamentuak eta Murkil merkatarien elkarteak erakusleihoak apaintzera animatu dituzte dendariak. 42. Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa izango da aurtengoa.
Parte hartzea "indartzeko" asmoz, iaz baino sari potologoak banatuko dituzte aurten: lehenengo saridunak 800 euro eta garaikurra jasoko ditu, bigarrenak 500 euro eta hirugarrenak, Murkilen eskutik, 300 euro. Sarituak Murkileko kide badira, 100 euroko gainsaria jasoko dute.
Horrez gainera, dendarien elkarteak 100 euroko bost erosketa-bonu zozkatuko ditu parte hartzaileen artean.
Irizpideak
Aurreko edizioetan egin duen moduan, epaimahaiak honako irizpideak izango ditu kontuan erabakia hartzerakoan: erakustokiaren aurkezpena, salgai dauden artikuluen erakusketa erakargarria, dekorazioaren originaltasuna –Gabon garaia kontuan izanik– eta euskal ohitura eta tradizioekin lotutako gaiak izatea.
Halaber, "materialen erabilera iraunkorra eta hondakinen murrizketa sustatze aldera", material birziklatu eta birziklagarrien erabilera sarituko dute, kanpainan zehar erabilitako produktu, material eta baliabideei balioa emateko, hondakinen sorrera ahalik eta gehien murrizteko.
Erakusleihoetan jarritako mezuak euskaraz egon beharko dute; euskaraz eta gaztelaniaz edo beste hizkuntza batzuetan jarriz gero, euskara lehenetsiko da.
Izen ematea
Parte hartzeko interesa duten dendariek Turismo Bulegora bertaratuta edo 943-83 09 90 telefono zenbakira deitu behar dute, abenduaren 10a baino lehen.
Lehiaketak abenduaren 10etik urtarrilaren 6ra arte iraungo du, eta tarte horretan erakusleihoek apainduta egon beharko dute epaimahaiko kideek baloratu ditzaten. Irabazlea, berriz, abenduaren 18an jakinaraziko dute.