Eduki babestua

Bertatik bertara eta garaian garaikoa

Guka 2024ko azaroaren 23a

Udazkena Zarauzko Udalak “Bertatik bertara eta garaian garaikoa” kanpaina jarri du abian Urkomerekin elkarlanean. Kanpainaren helburua da jendeak bertako eta garaiko produktuak ezagutzea eta kontsumitzea, hori funtsezkoa delako gure ingurumena, osasuna eta ekonomia zaintzeko. Urtaro bakoitzean erreportaje bat aterako da GUKA aldizkarian, naturak sasoian eskaintzen dizkigun produktuekin. Beraz, kontsumitu ditzagun Zarauzko produktuak!

Zarautzen, Elkano auzora doan baserri-bide estu eta aldapatsuaren ondoan dago Ametsola Etxalde Ekologikoa. Bertatik, Aiako Harriak eta Larrun bera ere ikus daitezke urrunera, eta askoz gertuago, iparraldera begira, Zarauzko itsasoaren urdina. Etxaldeak hegoaldera begira duen estalpean aurkitu dugu Julen, jaso berri dituen barazkiak urez garbitzen eta txukun-txukun saskiratzen. Ez da harritzekoa. Izan ere, produktuak modu ekologikoan ekoiztu eta saltzetik bizi da Julen. Bertakoa eta garaian garaikoa kontsumitzeak duen garrantziaz hitz egin digu.

Julen Zulaika - Ametsola Etxalde Ekologikoa

Hasteko, Julen... Zer da zuretzat nekazaritza ekologikoa?

Ongarri kimikorik eta pestizidarik gabe egiten den nekazaritza. Helburua da lurraren emankortasuna handitzea, ingurumena errespetatuz eta ahalik eta ekosistema aberatsenak mantenduz.

Gure aitona-amonek egiten zuten nekazaritza hura ekologikoa al zen? Asko aldatu al da lurra lantzeko modua?

Gaur egun guk egiten dugun nekazaritza ez dago urrun gure aitona-amonek egiten zuten baratze eta nekazaritza eredutik. Kontuan izan 60ko hamarkadan Iraultza Berdea izeneko mugimenduarekin, eta aurrerapenaren izenean, ongarri kimikoak eta pestizidak erabiltzen hasi zirela, eta horrekin guztiz aldatu zela nekazaritza. Guk, aldiz, aitona-amonen ereduari eusten diogu, baina makina eta teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerez baliatuta. Beraz, ez gaude oso urrun gure aitona-amonek egiten zuten nekazaritzatik.

Zuk ez duzu produktu kimikorik, herbizidarik edo antzerakorik erabiltzen... Kutsadura murrizteaz gain, zer eragin du gure osasunean produktu ekologikoak kontsumitzeak?

Erabiltzen diren ongarri kimikoek zein pestizidek lurra bera eta lurrean dauden barazkiak pozoitzen dituzte. Beraz, horiek jatea kaltegarria da gure osasunarentzat. Barazki ekologikoak kontsumituz, gure gorputza eta lurra pozoirik gabe edukitzeaz gain, osasuntsu mantentzen ditugu nekazaritza ekologikoa egiten den etxaldeko lurrak, akuiferoak eta kosistema. Komunitate osoa babes dezakegu produktu ekologikoak ekoiztuz eta kontsumituz.

Etxalde inguruan, txorien kabiak, sendabelarrak eta intsektuen hotela ere badituzue. Ingurumena zaintzeaz gain, zer onura dakarkie horrek zuen lursailei?

Txorien kabiek, sendabelarrek, landare usaindunek eta intsektuen hotelak gure baratzea eta inguruko bioaniztasuna aberasten dituzte. Horrek gure baratzea osasuntsu mantentzen laguntzen digu, plagen aurrean babes naturala eskaintzen baitigute hoteleko intsektuek zein gure kabietako kaskabeltz eta kaskaurdinek. Azkenean, naturan dagoen oreka lortu nahi dugu etxalde ekologikoan ere. Bioaniztasun aberatsa ekosistema orekatua da. Hori da guztiaren helburua eta zentzua.

Ekosistema orekaturik gabe posible al da garaian garaiko eta bertako produktu osasuntsua? Produktu osasuntsuak nahi baditugu, ezinbestekoa al da ekosistema aberatsa izatea?

Zalantzarik gabe. Produktu osasuntsuak jan nahi baditugu, epe motzean, ertainean zein luzean beharrezkoa da ekosistema aberatsa izatea. Ez du zentzurik orain garaiko produktuak lurra zaindu gabe ekoizteak, hamarkada gutxitan lur horrek bere aberastasuna galduko badu. Ekosistema aberats mantentzen badugu, etorkizunean ere gure lur hori aberatsa izatea bermatuko dugu. Ondorioz, gure iritziz, nekazaritza ekologikoa ezinezkoa da ingurumen aberats eta orekaturik gabe.

Udazkeneko barazkiek ba al dute osasun ezaugarri berezirik?

Esan daiteke udazkeneko eta neguko barazkiak oso-oso onak direla gure osasunarentzat. Urtaro horietan natura moteltzen joaten da, eta, horrekin batera, geu ere bai; garai egokia da gure barruak garbitzeko. Naturak ematen dizkigun barazki horiek guztiak (azakiak, ziazerbak, zerbak, karduak...) oso egokiak dira barrua garbitzeko, diuretiko zein antioxidatzaile bikainak direlako.

Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko burua: “Garaiko fruitu eta barazkiek bitamina eta elikagai gehiago eta hobeak dituzte, landarean bertan ontzen direlako guztiz, eta, osasunaren ikuspegitik ere, askoz hobeak dira ”


Zer onura ditu garaiko produktuak kontsumitzeak osasunarentzat?

Garaiko produktuak askoz hobeak dira osasunaren ikuspegitik. Barazki eta fruituek bitaminak ematen dizkiote gorputzari. Gorputzak funtzionamendu egokia izan dezan erreakzio kimikoak eragiten dituzten substantziak dira bitaminak. Garaiko produktuak landarean edo zuhaitzean bertan ondu direnez guztiz, bitamina gehiago eta hobeak dituzte. Horretaz gain, zapore aldetik ere askoz goxoagoak dira, garapen-ziklo guztia osatu dutelako. Garaiz kanpoko produktu asko atzerrian sortuak izaten dira, eta garapena lehenago eteten zaie, bidean usteldu ez daitezen. Horregatik, bitamina gutxiago eta eskasagoak dituzte, eta egitura kimikoa ere ondo osatu gabe izaten dute. Gainera, bidean ez usteltzeko, beste gai kimiko batzuk gehitzen dizkiete, eta, arriskutsuak ez diren arren, propietateak murrizten dizkiete.

Azoketan baserritarrek eskaintzen dizkiguten produktuak fresko-freskoak dira. Egunean bertan moztutako barazkiak izaten dira ia beti. Nutrizionalki propietate berdinak al dituzte supermerkatuetan ontziratuta topatzen ditugunekin alderatuta?

Ez, arrazoi askorengatik. Batetik, ekoizpen handiek ez dute produktua zaintzen; kopuru handiak ekoiztea da haien helburua, eta fruitu eta barazkien bilketa eta banaketa zabarragoa da. Bestetik, aurrez aipatu dugun bitaminen kontua dago, gutxiago eta kalitate txarragokoak dira. Eta, azkenik, ondo ondu gabeko produktuak izaten dira askotan supermerkatuetan ontziratuak, luzaroan garraiatu eta gorde behar direlako. Hori dela eta, barazki eta fruta horien nutrienteak ere ez dira erabat ontzen eta kalitate okerragokoak dira. Neure gaia ez den arren, zaporean ere igarriko zaio.

Urte guztian zehar nahieran erostera ohituta gaude garaikoari garrantzirik eman gabe. Nola kontzientziatu dezakegu kontsumitzailea naturak sasoian eskaintzen digunetik elikatzeko?

Naturak bere zikloak ditu, eta horiek errespetatzea beti da ona. Garaiko produktuak osasungarriagoak dira, bitamina eta bestelako elikagai gehiago eta hobeak dituztelako. Zapore aldetik ere askoz goxoagoak dira. Urrutitik datozen produktuen garraioak eta ontziratzeak ingurumenari kalte egiten diote, eta hori ere osasuna da. Eta, azkenik, gure baserritarren ogibidea mantendu behar dugu. Gure baserritarrak gure kultura dira; mendi eta zelaiak txukun mantendu eta elikagai osasungarriak ematen dizkigute. Baserritarrik ez bada, akabo gure ingurua.

Udazkenean, zer?
Aza, eskarola, kalabaza, brokolia, azenarioa, borraja, aza gorria...

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide