Zebrak eta bideak izeneko bigarren narrazio bilduma kaleratu zuen Nerea Loiola Zarauzko bizilagun debarrak urria amaieran. Gaur, 18:30ean, Harkaitz Canoren gidaritzapean, Garoa liburu dendan aurkeztuko du lana.
Erein argitaletxearekin kaleratu du Loiolak helduei zuzendutako bilduma. Sei ipuinez osatutako lana da, eta Raul Guerra Garrido bekaren bitartez garatu du.
Loiolaren esanetan, "elkarren artean oso desberdinak" diren sei ipuinek osatzen dute bilduma. Halere, komunean dituzten zenbait elementu daude narrazioetan: alde batetik, protagonista guztiak emakumezkoak dira, adin eta ezaugarri desberdinetakoak, eta bestetik, gai batzuk maiz agertzen dira, hala nola maitasuna, desioa, sexua, emakume gorputza, gizarteak ezarritako genero espektatibak, amatasuna, beldurra, antsietatea eta abar.
Arrisku Handiko Trena
Zebrak eta bideak ez da Loiolak azken asteotan kaleratutako lan bakarra. Izan ere, atzo aurkeztu zuen Arrisku Handiko Trena eskapu liburua, Donostiako Udal Liburutegian.
10 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzendutako lana da, eta irakurleak misterioak, arriskuak eta abenturak aurkituko ditu bertan. Erabakiak hartu eta enigmak ebatzi beharko dira, adimena eta abilezia erabiliz, "erabaki txar batek hondamendia eragin baitezake".