"Zebrak eta bideak. Esan behar dut, izenburu posible bezala agertu zitzaidanean, gertuko zenbait laguni eskatu niola iritzia eta batek baino gehiagok komentario berbera egin zidala: 'Gustatzen zait, oso Anari da'". Posible da Nerea Loiolaren bigarren narrazio liburua eskuetan jaso eta titulua irakurtzean subkontzienteak abeslari azkoitiarraren lanen bat edo beste iradokitzea, baina ezta hurrik eman ere. Antzekotasun oro kasualitate hutsa izango da. Erein argitaletxearen eskutik, beste behin ere, helduei zuzendutako sei ipuinez osatutako lana argitaratu berri du Zarauzko bizilagun debarrak, Raul Guerra Garrido bekaren bitartez garatu duena.
Dezenteko oihartzuna izan zuen Epizentroa-ren ondotik dator Zebrak eta bideak, lehenengoaren jarraipen, garapen eta zailtze gisa. Inazio Mujika Ereineko editoreak "Ez Dok Hamahiru" kolektiboaren erreferentzia egin zuen txantxetan, Epizentroa-n zazpi narrazio bildu zituelako Loiolak eta liburu berrian, berriz, sei. "Ez daude hari batez lotuak, autonomoak dira elkarren artean. Bereizgarria dena da Nerearen kontatzeko modua. Atmosfera ezberdinak ondo eraikitzen daki, non dena sinesgarri bihurtzen duen", zehaztu zuen editoreak asteartean Donostian eginiko aurkezpen ekitaldian.
Espazioa emanez
2021eko udazkenean hasi zen liburuko lehen ipuinak idazten, eta idazketa prozesuan, istorio bakoitzari "bere espazioa eskaintzeko" aukera izan du. Loiolaren iritziz, hori nabari da eta irakurleak ere ohartuko dira, "ipuinak elkarren artean oso desberdinak" direlako. Edonola ere, komunean dituzten zenbait elementu daude narrazioetan: alde batetik, protagonista guztiak emakumezkoak dira, adin eta ezaugarri desberdinetakoak, eta bestetik, gai batzuk maiz agertzen dira, hala nola maitasuna, desioa, sexua, emakume gorputza, gizarteak ezarritako genero espektatibak, amatasuna, beldurra, antsietatea eta abar.
Giza harremanetan ezarritako ardatzak eta sortutako atmosfera narratiboek ematen diote osotasuna liburuari, idazlearen esanetan: "Arreta handia jartzen saiatu naiz harremanetan, detaileetan, keinu eta ekintza txikietan. Nahi izan dut unibertsala den horretara iritsi, xehetasunetik abiatuta".
Zebrak eta bideak izenburura itzuliz, liburuko azken narraziotik hartua dela zehaztu behar da. Bertan zebrak, zebrabideak eta bidegurutzeak azaltzen dira, baina ipuinari titulua jartzerakoan, "zekarren sinbologiaz" ohartu zen Loiola, eta horrek osotasun bat eman dio ipuin bildumari. "Izan ere, ipuin hauetako pertsonaiek aurrera egin beharko dute bizitzak eta gizarteak ezarritako bidegurutzeetan. Geldirik egotea ez da aukera bat". Horrez gain, animaliek ere presentzia nabarmena dute istorioetan, pertsonaien ispilu modura: "Sortuko da halako itzal-errebelazio binomio bat geure barneko lokatz zokoratuak nahastera etorri dena".
Begirada aldatu
Lan berria idazterakoan, erosotasun egoeratik aldentzeko eta erronka berriei aurre egiteko grina izan du Loiolak. Hori horrela, idazterakoan ahots eta egitura desberdinak probatzen ibili da, begirada ezohiko lekuetan jartzen. Ondorioz, liburuan aurki daitezke ipuin laburrak, "sentsazio edo une bat harrapatzen dutenak", eta arnas luzeko ipuinak, "nobelaren pultsura gerturatzen direnak"; protagonisten ahotsetik kontatutako istorioak nahiz kanpo narratzaile batek kontatutakoak. "Egitura klasikoa jarraitzen dute narrazio batzuek, eta esperimentaziotik gehiago edan dute beste batzuek", jakitera eman du idazleak.
Ipuin guztiek jolasten dute nolabait iraganaren eta orainaren arteko kontrastearekin, baina argi utzi nahi izan du sei narrazioetatik bost "hemen eta orain" kokatu dituela. Seigarrena, Zebrak eta bideak alegia, bestelakoa da: 2000. urteko nerabe baten bizitzari buruzkoa da, eta ezinbestean euskal gatazkari buruzkoa. Loiolak aitortu du oso zaila izan zaiola gai horri buruz idaztera ausartzea. Ipuinek badituzte giro eta tonu ilun nahiz dramatikoak, baina atmosfera horiek orekatze aldera, umorea ere erabiltzen du. Hori bai, "garraztasunetik, ironiatik eta umore beltzetik".