Gukasteka

Iñaki Peña: "Zarautz sartu nahi dugu dolu perinatala kontuan hartzen duten udalerrien zerrendan"

Aitziber Arzallus 2024ko azaroaren 23a

Iñaki Peña. (Guka)

Urriaren 18an, Heriotza Perinatalaren Nazioarteko Egunaren harira eta Zarautz Herri Zaintzailea taldeko kideek deituta, ekitalditxo bat egin zuten Santa Klara komentuko lorategian. Dolu perinatalak ikusgarriago eta entzungarriagoa egitea beharrezkoa dela uste dute talde horretako kideek, eta besteren artean, herrian agurra egiteko eta hildakoak oroitzeko gune baten beharra nabarmendu dute. 

Heriotza bizitzaren parte den heinean, lehenago edo beranduago den-denei egokituko zaie gertuko norbaiten heriotza eta horrek ezinbestean berekin dakarren dolu prozesua bizitzea. Norberak bere modura egingo ditu horiek, norbere kasa edo kanpoko laguntzarekin, eta denak izango dira balekoak, gai horietan, beste hainbatetan bezala, ez baitago denentzat baliagarria den gidalibururik.

Ia oraintsu arte, apenas hitz egin izan da heriotzaz eta doluaz etxetik kanpo behintzat, baina azken urteetan, death cafe saioei eta antzerako egitasmoei esker, heriotzak eta doluak, oro har, tabu izateari utzi egin diote edo, gutxienez, bide horretan dira.

Dena dela, hiltzeko moduak eta moduak daude, horiek testuinguratzen dituzten zirkunstantziak era askotakoak izan daitezke, eta horrek guztiak erabat baldintzatzen ditu ondorengo dolu prozesuak. Alegia, bizirik jarraitzen dutenentzat oso desberdina izan ohi da inguruko bat auto istripuz hiltzea, minbizi baten ondorioz hiltzea edo hark bere burua hiltzea; oso desberdina izan ohi den bezala norbait ia 100 urterekin hiltzea, 20 urterekin hiltzea, jaio eta gutxira hiltzea edo artean amaren sabelean dela hiltzea. Baina denak dira galerak, galera handiak, ingurukoengan arrastoa uzten dutenak, sendatze prozesu bat gauzatzea behar dutenak, eta ez dago denentzat baliagarria den gidalibururik.

Heriotzari eta doluari tokia egitea eta prozesu horiek gizartean balioztatzea, ordea, ezinbestekoak dira, eta azken urteotan lan horretan ari dira Zarautz Herri Zaintzailea taldeko kideak. Joan den urriaren 15ean gauzatu zuten azken ekitalditxoa, Heriotza Perinatalaren Nazioarteko Eguna zela eta. Santa Klara komentuko lorategian elkartu ziren taldeko kideak eta beste hainbat herritar heriotza perinatalari ere lekua egin behar zaiola aldarrikatzeko. Iñaki Peña da talde horretako kide bat, eta hark azaldu dizkio Gukasteka Zarauzko astekari digitalari ekitaldiaren nondik norakoak eta helburuak.

Heriotzari eta doluari tokia egitea zergatik iruditzen zaizu horren garrantzitsua?

Heriotzari buruz hitz egiteak modu kontzienteagoan bizitzea dakar, zentratuago. Gure beldurrei aurre egiteak libreagoak egiten gaitu.

Zarautzen, eta oraintsu, heriotza perinatalaren nazioarteko egunaren harira, ekitalditxo bat ere egin zenuten. Zer helbururekin?

Zarautz Herri Zaintzailea (ZHZ) ekimenean Miren Ros izan dugu taldekide, eta gaia jorratzeko aukera izan genuen pandemian bete-betean, Eider Otxoaren eskutik. Urteak igaro dira eta gaia berreskuratzea pentsatu genuen, gainera aho batez. Beste leku batzuetan mugitzen ari zirela ikusi eta guk ere zerbait antolatzea erabaki genuen. Poliki-poliki goaz, Udalarekin batera adostu nahian, baina lehengo eguneko ekitaldiaren erantzunarekin pozik eta indartsu atera gara, aurrera jarraitzeko. Zarautz sartu nahi dugu dolu perinatala kontuan hartzen duten udalerrien zerrenda (momentuz) laburrean.

Haur jaioberrien edota artean jaio gabeko haurren heriotza eta horrelako egoera bat bizi behar izan dutenen dolu prozesuak isilean eraman izan dira orain gutxira arte. Zergatik da horren beharrezkoa horiei tokia egitea?

Baimenduta ez dauden doluen artean daudelako perinatalak. Ez dira ulertzen beste dolu mota batzuk bezala, ez dute enpatia modu berean pizten. Estalita gelditzen dira, eta galera hauengatik doluan dagoena isolatuta eta bakardade handiarekin sentitu daiteke. Ikusgarriagoa eta entzungarriagoa egitea beharrezkoa da. Besteak beste, herrian agurra egiteko eta oroitzeko gune baten beharra nabarmendu zenuten ekitaldian.

Zer ezaugarri behar ditu horrelako leku batek eta ba al daukazue leku jakinen bat buruan?

Nazioarteko egunean egin genuen ekitaldia prestatzean, ZHZ-ko kide guztiok oso aproposa ikusten genuen Santa Klarako txoko hura, omenaldia egin genuen toki hura. Herrirako berreskuratuta dagoen eremua da, komentuko kanposantua izandakotik gertu. Oso sinbolikoa, eta zentrikoa da. Ekitaldira etorri zirenek ere antzera pentsatu zuten, egokia izan daitekeela. Udalarekin adostu behar dugu lekua hori bai, eta beste alternatiba batzuk buruan eduki. Torreoiko inguruneak ere interesgarriak dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide