Ikusezina ikusarazteko espazioak irekitzen

Julene Sorarrain 2024ko urriaren 16a

Zarautz Herri Zaintzailearen elkarretaratzea Heriotza Perinatalaren Nazioarteko Egunean. (Julene Sorarrain)

Heriotza Perinatalaren Nazioarteko Egunaren harira, Zarautz Herri Zaintzailea taldeak elkarretaratzea egin zuen atzo Santa Klara komentuko lorategian. Hainbat familia gerturatu ziren hitzaldia entzutera, eta jarraian, tximeletak eta izarrak margotzen aritu ziren haurrak omentzeko asmoarekin.

Zarautz Herri Zaintzailea 2018. urtean abiatu zen zainketen, heriotzaren eta doluaren inguruan pedagogia egiteko asmoarekin. Une honetan lau partaidek osatzen dute taldea, hala nola, Iñaki Peñak, Anjel Irastorzak, Aizpea Manterolak eta Miriam Mendozak. Proiektuaren helburua “ikusezina ikusarazteko espazioak irekitzea” da, eta komunitateari baliabideak ematea hori gauzatzeko.

Hainbat dira denbora honetan egindako hitzaldiak, solasaldiak, tailerrak, aurkezpenak eta baita aurretiazko borondateen dokumentuaren ingurukoak. Eta aurten, dolu perinatalaren eguna ospatzeko ekitaldia martxan jartzeko beharra ikusi dute. "2020. urtean, pandemia garaian, pare bat saio antolatu genituen online, dolu perinatalaren inguruan. Hasitako horri jarraipena eman nahi izan diogu. Gure aldetik, ekitaldi xumea prestatu dugu eta datozen urteetarako modu sendoagoan egiteko konpromisoa hartzeko prest gaude", jakinarazi du Miriam Mendoza elkarteko kideak.

Zarautz Herri Zaintzailea taldeko Miriam Mendoza, Santa Klarako lorategian. (Julene Sorarrain)

Elkartearen jarduerak modu egokian bideratzeko leku finko bat topatzea "ezinbestekoa" ikusten du elkarteak, "bakoitzaren dolua errespetatu ahal izateko": "Oraingoz horrelakorik topatu ez dugunez, gaur hementxe elkartzea erabaki dugu, espazio zabal eta argitsu honek hausnarketarako eta denon minak jasotzeko leku paregabea iruditu zaigulako. Zarautzen badago indarkeriaren aurkako biktimak gogoratzeko leku bat Rosaleda parkean, Parrokia ondoan, eta gure ibilbide hau egiteko, leku bat finkatu nahi dugu dolu perinatalaren oroimenez".

Gurasoek, familiek eta ingurukoek "leku baten beharra" dutela azpimarratu dute, "agurra egiteko eta haurrak oroimenean izateko": "Inguruan zer zegoen aztertu genuen eta espazio zehatzak bideratu dituzten herriak badirela ikusi genuen. Horrek bultzarazi gaitu Zarautzen ere leku zehatz bat topatzeko ahaleginak egitera, haur hauek gogoratu eta ohoratzeko".

Taldeko kideek dolu prozesuan "minarekin edota maitasunarekin konektatzearen garrantzia" azpimarratu dute: "Hitza eman nahi dizuegu, zuekin bat egin nahi dugu".

Parte hartzaileei margotzeko eskainitako izarrak eta tximeletak. (Julene Sorarrain)

Parte hartzaileei margotzeko eskainitako izarrak eta tximeletak. (Julene Sorarrain)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide