Trafikoaren noranzkoa aldatzeko lanak hasi dituzte Salbiden

Intza Trula 2024ko aza. 15a, 10:30

Bi langile Iturbide kaleko errepidean lanean. (Zarauzko Udala)

Iturbide kaleko errepidea norabide bakarrekoa izango da lanak amaitzean. Aldaketa hori dela medio, 40 aparkaleku berri izango dituzte auzoan.

Aste honetan abiatu dituzte Salbide auzoan trafikoaren noranzkoa aldatzeko lanak. Obrak amaitzean, Iturbide kaleko errepidea noranzko bakarrekoa izango da –mendebaldetik ekialdera joan ahal izango dute gidariek–; horrez aparte, 40 aparkaleku gehiago egiteko aukera emango dute lanek.

Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak esan du aldaketa honekin "ibilgailu motordunen abiadura murriztu eta mugikortasuneko elementurik zaurgarrienen segurtasuna areagotu" nahi dela.

Horrez gainera, Hiribusaren geraleku bat gehituko dutela ere jakinarazi du udalak: Azken Portu auzoko goiko igogailuaren aurrean geratuko dira 2, 3 eta 23 lineak (udan 24 linea ere bai).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide