Jone Larrañaga: "Ahazten zaigu askotan buru nahasmendua dagoela elikadura nahasmenduaren oinarrian"

Xalbat Alzugarai Etxeberri ('Gipuzkoako Hitza') 2024ko aza. 11a, 11:45

Jone Larrañaga nutrizionistak Hondarribiko Elikaeskolan lan egiten du, eta elikadura nahasmendua sendatzeko bideak jorratzen ditu. Azpimarratu duenez, dieta ona edukitzeaz gain, askotan psikologo baten lanaren beharra dago.

Hondarribiko sarreran dago Elikaeskola zentroa, eta arreta pizten du. Behin barnera sarturik, sukalde zabal eta argitsu bat ikus daiteke, eta, han, fruituz eta barazkiz osaturiko saskitxo bat dago. Laranja izan daitekeen logo handi batekin apaindua da gela. Elikaduraz eta ongi izateaz aritzeko leku ezin aproposa da. Horretaz solasean aritu da Jone Larrañaga nutrizionista (Zarautz, 1990). Hain zuzen, esplikatu du buru osasunak elikaduran eragina duela. Bi osagai horien arteko harreman zail eta orotarikoa nabarmendu du. Halaber, esan du jaki ultraprozesatuen gehiegizko kontsumoa arriskutsua dela, eta dieta zorrotzak, berriz, beldurrak eta ondorioak ekar ditzakeela.

Zertan oinarritzen da garunaren eta hesteen arteko lotura?

Ni ez naiz patologia digestiboetan aditua. Nire lankidea da aditua: Eli Gallego. Egia da azken urte hauetan asko bilatu dela garunaren eta hesteen arteko lotura, eta esan dela hesteetan sortzen den serotoninak garunean eragina duela, eta horrek zoriontasuna ekar dezakeela, baita depresioa sendatu ere. Aldiz, ikerketek frogatu dute serotoninak barrera hematoentzefalikoa ez duela pasatzen. Orduan, ez dauka benetako eraginik garunean, ezta lotura zuzenik ere.

Elikagai ultraprozesatu asko janez gero,depresioaren seinale batzuk ager daitezke?

Ez dakit depresioarekin lotura zuzena duen, baina egia da jaki ultraprozesatuek eragin zuzena dutela gure garunean. Oso ongi diseinatutako elikagaiak dira, sariztatze zirkuituan eragiten dutelako. Susperraldi moduko bat sortzen dute. Janari ultraprozesatuetako azukreak goraldia dakar, eta gorputzak gluzemia gorakadak eta jaitsaldiak jasaten ditu. Nola eragin diezaioke dieta behartu jakin batek buru osasunari?

Izugarrizko eragina du. Gure paziente gehienek elikadura nahasmenduak eta patologia digestiboak dituzte. Bietan hori izan daiteke arazoaren jatorria. Gaitz bat sendatzeko diseinatutako estrategia bat martxan jartzen da, baina maiz estrategia hori ez da pertsonari egokitua. Pentsatu behar da elikadura zorrotz batek epe luzera ez duela funtzionatzen. Zorroztasun horrek, batik bat, obsesioak eta beldurrak sor ditzake. Dieta zorrotzetatik ateratzean, gizentzeari beldurra diote askok; sekulako beldurra diote aurretik murriztu dituzten elikagaiak berriz kontsumitzeari; blokeatuta gelditzen dira.

Elikadura nahasmendua buru gaixotasun baten ondorioa da?

Nik uste dut nahastea sortzen dela zentzu horretan. Elikadura nahasmendua da elikagaiak ezohiko moduan kontsumitzea. Askotan ahazten zaigu buru nahasmendua dagoela elikadura nahasmenduaren oinarrian. Berez sortzen diren egoerak ez dira elikadurarekin ikusten ditugun jarrera horiek, baizik eta horren atzean dagoenaren ondorioa: antsietatea, trauma, perfekzionismoa, beldurrak eta beste hainbat gauza.

Elkarrizketa osorik irakur daiteke Gipuzkoako Hitzaren atari digitalean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide