Aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien banaketa ekitaldia azaroaren 27an egingo dute, Andoainen. Kazetaritza eta Komunikazio Saria nortzuk lortu duten jakinaraziko dute orduan, baina gaur aurreratu dute Ana Galarragak jasoko duela ohorezko aipamena. Finalisten izenak, berriz, asteazken honetan jakinaraziko dituzte.
Galarragaren laneko hiru eremu nabarmendu nahi izan ditu epaimahaiak, hala nola, "desinformazioa nonahi dugun garai honetan zientzia-dibulgazioaren garrantzia mahai gainean jartzeko egiten duen ahalegin eta ekoizpen aparta; bigarrenik, iparrorratz darabilen ikuspegi feminista; eta, hirugarrenik, komunikazio jarduna euskaraz eta zero kilometrotik egitea, gertuko begirada hori geruza globalekin ere osatuta hainbat plataforma, formatu eta esparrutan".
Ohorezko mugarria eta finalistak izendatu dituen eta sariak erabakiko dituen epaimahaia Miren Berasategi Zeberiok, Eneko Bidegain Airek, Itxaro Bordak, Angel Erro Jimenezek, Pantxika Maitiak, Libe Mimenza Castillok, Marta Lasa Goñik eta Arantza Aguado Perugorriak osatu dute.