Giro eguzkitsua eta txakolin freskoa lagun, jende ugari bildu du Txermenduaren jaiak

Gorka Eizagirre | Maria Maya Manterola 2024ko aza. 3a, 18:00

Zarauzko Txakolin Egunean bailarako hamalau txakolin dastatzeko aukera izan da. Euskal parrillan prestaturiko mokadutxoarekin lagundu dute txakolina bertan bildutakoek, eta bertsoez nahiz dantza eta kantu emanaldiaz gozatu dute jai giro politean.

Txermenduaren jaia izenburupean ospatu dute Zarautzen aurtengo Txakolin Eguna. Giro eguzkitsua eta txakolin freskoa lagun, jende ugari bildu da Lege Zaharren enparantzan. 

Bailarako hamalau upategietako txakolina dastatu ahal izan dute bertaratutakoek, eta mokadutxoak ere eskaini dizkiete herritarrei prezio berezian. Herritarrei txakolina zerbitzatu, eta uzta berriaren inguruan aritu dira upategietako arduradunak.

Egunari 11:30 aldera eman diete hasiera: kalejira abiatu da ordu horretan Lege Zaharren enparantzatik, eta etxeko txikienentzat, Txermenduaren esperientzia tailerra eskaini diete plazan bertan. Jalgi dantza taldearen eta Arrain Zopa abesbatzaren emanaldia izan da gero, 12:00etan, eta dastatzeari ekin aurretik, bertsoak eskaini dituzte Andoni Egañak eta Sebastian Lizasok. 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide