Gorka Aranberri: "Oraindik hizketan ari gara, ez dago ezer erabakita"

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 31a, 13:01

Gorka Aranberri. (Aritz Mutiozabal)

Patroi zarauztarrak onartu du datorren denboraldian Orioren elastikoarekin aritzea negoziatzen ari dela Orio Arraunketa Elkartearekin. Gukari azaldu dio, akordiorik baldin badago, arraun klubak emango duela horren berri.

Hainbat komunikabidek ziurtzat eman dute Gorka Aranberri patroi zarauztarrak Orio Arraunketa Elkartearen elastikoa jantziko duela datorren denboraldian. Aranberrik, ordea, Gukari ez dio halakorik ziurtatu: "Oraindik hizketan ari gara, ez dago ezer erabakita". Gainera, esan du, akordiorik baldin badago, arraun klubak emango duela horren berri, eta gaineratu du laster egingo dutela zirt edo zart; datorren astea aipatu du epe mugatzat.

Aranberri Urdabaiko patroia izan da azken urteetan, eta Iker Zabala izan du entrenatzaile. Oriok fitxatu du Zabala, eta horren harira, duela gutxi Aranberrik Gukari adierazi zion Zabalaren fitxaketak eragina izan zezakeela bere erabakian ere: "Iker Zabala Oriorekin hizketan aritzea agian faktore bat izan daiteke Urdaibai uzteko", esan zuen orduko hartan.

Aranberrik denboraldi historikoa osatu du Urdaibairekin. Eusko Label liga eta Kontxako Bandera irabazi ditu laugarren urtez jarraian, eta bigarren urtez ligako patroirik onena izendatu dute. Klub guztiek nahiko luketen patroia da zarauztarra.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide