Jalgi Dantza Taldeak, "aurreko bi urteetako saio arrakastatsuari segida emanez", hirugarren urtez ospatuko du Gau Beltzaren jaia, Santu Guztien Egunaren bezperako gauean, urriaren 31ko "gau berezian". Jalgiko kideez gain, aurtengo jaian beste hainbat talde ere ariko dira, hain zuzen ere, Alproja, Zarautz TRIK, Erraldoi Txikiak, Motxian-Etxebeltz Bertsogunea eta Gurutxurtu Aisialdi Taldea.
Egun horretan Jalgiko dantzariak Imanol Urbieta Musika Eskolatik aterako dira Alprojako kideekin batera, 19:00etan. Lapurdi kaletik Zigordia kalera joango dira, eta, San Frantzisko kaletik barrena, Kale Nagusira sartuko dira Frontoi Txikin geldialdia egin ondoren. Handik, Musika Plazara joango dira. Ondoren, Lege Zaharren Enparantzara sartuko dira, festa amaierako ekitaldia egitera. Jalgiko eta Alprojako kideak iritsi aurretik, baina, Motxian-Etxebeltz Bertsoguneko kideek bertso batzuk kantatuko dituzte leku horretan. Bestalde, Zarautz TRIK eta Erraldoi Txikiak taldeetako kideak herriko kaleetan zehar ibiliko dira Lege Zaharren Enparantzara iritsi aurretik.
Denak plazan bilduta, amaiera ekitaldian dantzari, antzezle eta bertsolari guztiek parte hartuko dute. Gainera, Lege Zaharren Enparantzako saioa biribiltzeko, Zarautz TRIKek festa luzatuko du plazan 22:00ak arte, herritar denentzako irekia izango den erromeriarekin. Eta, ondoren, 22:00etatik aurrera, Santa Klaran, Gurutxurtu Aisialdi Taldeak hainbat jolas antolatuko ditu 10 urtetik aurrerakoentzat (helduak barne).
Azkenik, Jalgik herritar guztiak gonbidatu nahi ditu festa honetan parte hartzera: bai ibilbidera mozorrotuta agertuz -etxetik hartutako edozein trapuk balio dezake, betiere aurpegia estalita-, bai arratsaldeko 18:00etan Lege Zaharren Enparantzara hustutako kalabazak eramanez. Izan ere, asmoa plaza kalabaza hutsez betetzea dela azaldu dute Jalgiko kideek, eta horren azalpena txertatzen duen bideoa ere gehitu dute.
Historia berreskuratu nahian
Jalgiko kideen hitzetan, Estatu Batuetako "Halloween jaiaren hotsak guregana iritsi aurretik", udazkeneko arratsalde ilunetan kalabaza arimadunek euskal herrietako "bide-bazterrak argitzen" zituzten. Azken urteetan, ordea, hainbat antropologo eta idazlek egindako ikerketetatik abiatuta, Euskal Herriko kultura eta dantza talde ugari ari dira herrietan Gau Beltzaren "jaia berreskuratu eta berriro gure kaleetara ekartzen". Horixe da Jalgiren asmoa: Zarauzko kaleetan ere jai horren oihartzuna berpiztea.