Lakarik jaso du landa eremuko emakumeen egoera aztertzeko beka

Aritz Mutiozabal 2024ko urr. 21a, 10:30

Emakume baserritarrak Merkatu plazan. (Guka)

Urriaren 24an, askari merienda egingo dute Urtetako elkartean, lehen erradiografia egite aldera. Miren Prieto Lakari kooperatibako bazkideak azaldu duenez, bekak "bide baten hasiera" egiteko balioko du. Izan ere, Prietoren hitzetan, udalak eskainitako zenbatekoak ez du "lan sakon bat garatzeko adina" ematen, eta hori dela eta, "Zarauzko hasierako erradiografia bat" egiten saiatuko dira Lakarikoak.

Landa eremuko emakumeak ikusarazteko eta haien egoera aztertzeko, Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuak beka deialdia egin zuen, eta Lakari kooperatibaren proposamena aukeratu du. Udan jarri zuten abian esleipen prozesua, eta kooperatibaren proiektua eta dokumentazioa aztertu ondoren, azterlana egiteko hautatu dute.

Bekaren helburu nagusia da landa eremuko emakumeen egoera ikertzea, bertan gertatzen diren genero-desberdintasunak identifikatzeko eta horiek gainditzeko hainbat estrategia ondorio gisa planteatzeko. Ildo horretatik, emakume baserritarrekin lehen askaria antolatu dute ostegunean, urriaren 24an, Urtetako elkartean, 17:30ean.

"Landa-inguruneko emakume zarauztar guztiak topaketa honetara joatera animatzen ditugu. Bertan, haien bizipenak, kezkak eta interesak helarazi ahal izango dituzte, landa eremuan emakumeentzat dauden inpaktuei alternatiba posibleak eskaini ahal izateko. Gisa horretan, lehen erradiografia bat egin ahal izango dugu", adierazi du Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak.

Askari solasaldian parte hartu nahi dutenek 635 72 38 36 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Elkarlana

Miren Prieto Lakari kooperatibako bazkideak azaldu duenez, bekak "bide baten hasiera" egiteko balioko du. Izan ere, Prietoren hitzetan, udalak eskainitako zenbatekoak ez du "lan sakon bat garatzeko adina" ematen, eta hori dela eta, "Zarauzko hasierako erradiografia bat" egiten saiatuko dira Lakarikoak. "Ikusi dugu datu orokor asko daudela, baina Zarauzkoak ez, eta hori da landu nahi duguna, gertuko inguruetan gertatzen dena", azpimarratu du.

Kooperatibako kideak azaldu duenez, baina, bidean ez dira Lakariko kideak bakarrik ariko, beren jarduna ez delako gehienetan ikerketetara bideratzen. Horregatik, hainbat "bidelagunen laguntza" izango dute: alde batetik, Asunek behatokiarena, eta, bestetik, Mirene Begiristain akroekologian adituarena. "Aipatutako eragileek ikuspuntu interesgarri bat eskainiko diote ikerketari", dio.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide