Ane Arrutik gidatzen duen Keia taldeak bigarren diskoa argitara eman du gaur, Zamalanak izenburupean. Estreinako lanean bezala, Iker Martinez de Zuazo, Egoitz Olalde eta Iñigo Ibarrondo musikariak izan ditu bidaide, eta azken urteetan talde gisa eginiko ibilbideak eragina izan du emaitza berrian; batez ere, laukotearen soinua aurrerapauso bat egon da. Taldekideen esanetan, orain arte erabilitako adierazpide, egitura eta soinu asko desikasi eta berriak bereganatu dituzte, taldeari "izaera berri bat" emateko.
Horrenbestez, 2022ko Erregaia diskoan nagusitzen zen iluntasuna alboratu dute, eta rock doinu biziagoetara egin dute jauzi, sintetizagailuak eta bestelako elementu batzuei bide eginez. Soinu trinkoago eta garaikideago bat lortze aldera, Haritz Harreguy ekoizle usurbildarrarekin kontatu dute.
Guztira, zortzi abesti jaso dituzte diskoan: irailean aurkeztutako Tiraka nabil aurrerapen abestia nahiz bideokliparekin batera, Ezin kabitu, Kartolak begietan, Bakarrik, Hanka sartzen, Nora ihesi, Ezingo duzu eta Argi eta ilunak. Lan berria Arrutiren bidaia bat da, gainean pilatu zaizkion zama, min, zailtasun eta desoreken "kontzientzia hartze eta izendatze bat".
Zuzeneko emanaldiekin hilaren 24an hasiko dira, eta lehenengo hitzordua Arrasateko Kooltur Ostegunak egitasmoaren barruan izango dute.