Itxasmendiko jaien hirugarren eta azken eguna da gaurkoa, eta urtero bezala, igande goizean, Bihotzez elkartearen aldeko martxa solidarioa eta lasterketa egin dute. Lehenik eta behin, makina bat lagun abiatu dira herriari itzulia oinez ematera, eta bide batez bihotzeko gaixotasunei ikusgarritasuna emateko helburuarekin. Ordubete geroago, 11:30ean, lehiaren txanda izan da: 65 lagun elkartu dira auzoan, korrika egiteko asmoz.
4,5 kilometroko ibilbide laburra bezain bizia osatu ondoren, azken luzea esprintean erabaki dute gizonezkoen podiuma. Azkenean, Ander Lopez zarauztarra izan da garaile, 17:29ko denborarekin; bigarren eta hirugarren sailkatuak, Iban Uranga donostiarra eta Mikel Arsuaga azpeitiarra, segundo eskas batera helmugaratu dira.
Emakumezkoetan ere beste zarauztar bat izan da txapelduna: Aitzpea Lertxundi. Hasieratik jarri da lasterketa buruan, eta erritmo polita jarrita, bakarrik helmugaratu da lasaitasun osoz, 21:09ko denbora eginda. Bigarren sailkatu den Amaia Magaña donostiarrari ia 40 segundoko aldea atera dio, eta hirugarrena izan den Idoia Ezeiza zubietarrari, berriz, minutu eta 40 segundo.
Itxasmendiko jaiei dagokienez, haurrentzako puzgarriak egon dira goiz-eguerdian auzoko kirol kantxan, eta arratsaldean ere bertan gozatzeko aukera izango da. Toka txapelketa jokatu dute, halterofiliakoek erakustaldia eskaini dute eta patata tortilla lehiaketa ere egin dute. Arratsaldean, jaiei agur esan aurretik, hainbat jarduera izango dituzte oraindik.