Zarauzko garraio publikoa %100 jasangarria izatea ahalbidetuko duten Irizar e-mobilityko hiru autobus elektriko berri aurkeztu dituzte gaur goizean malekoian. Xabier Txurruka alkatea, Iker Basurko Zarauzko Udaleko Mugikortasun Jasangarriko eta Proiektu estrategikoko eta Berrikuntzako zinegotzia, Iñigo Etxeberria Irizar e-mobilityko zuzendari nagusia, Paco Ruiz Ekialdebuseko zuzendaria eta Antonio Arias Vectaliako presidentea izan dira ekitaldian.
"Hiri-mugikortasun Jasangarriaren Planaren estrategiak jasotzen duen moduan, Zarauzko hiri-autobusen flota elektrifikatzeko momentua heldu da, eta Irizar bezalako enpresa baten laguntzarekin egitea oso albiste ona da", nabarmendu du Txurrukak agerraldia hasi berritan. Irizarrek ibilbide "luzea eta oparoa" duela gehitu du, eta "gertuko enpresa izanda ere, mundu mailan eskarmentu handia" duela. Datozen egunotan Zarautzen barrena ibiliko dira hiru autobusak, baina urriaren 7an hasiko dira zerbitzua eskaintzen.
Irizar ie modelokoak dira ibilgailu berriak. Hamabi metroko luzera dute, %100 elektrikoak dira eta ez dute CO2 isuririk igortzen. Halaber, gutxieneko zarata-maila eragiten dute, eta ustiapen-kostu "ezin hobea" bermatzen dute. 30 eserlekuz, gurpildun aulkientzako guneaz eta mugikortasun urria duten pertsonentzako egokitutako lau eserlekuz osatuta daude –70 pertsonentzako lekua dago guztira–. Horrez aparte, erabiltzaileen joan-etorriak arintzeko eta irisgarritasuna bermatzeko hiruna ate dituzte. Autobus horien erabilpenarekin, gainera, Zarautzek urtero 5.619kg CO2 gutxiago isuriko ditu atmosferara.
Etxeberriaren hitzetan, "ilusio handia" egiten die Zarauzko Udalarekin sinatutako hitzarmenak. "Jasangarritasuna sustatzeko politiketan erreferente bat da Zarautz, eta, zentzu horretan, zarauztarren bizi-kalitatea hobetuko duen urrats honetan elkarlanean jardutea harro egoteko moduko zerbait da". Ibilgailuok herriko mugikortasun "jasangarria eta osasuntsua" sustatzen lagunduko dutela erantsi du Irizar e-mobilityko zuzendari orokorrak.
Mugikortasunaren Europako Astea
Mugikortasunaren Europakoa Astea ospatzen ari dira gaurtik Zarautzen, eta igandera bitartean prestatutako egitarauaren barruan aurkeztu dituzte gaur ibilgailuak.
Jakitera eman dutenez, datozen egunotan malekoian egongo da hiru autobusetako bat, udalaren prestakuntza-gelaren aurrean, eta hura barrutik ikusteko interesa duen orok izango du horretarako aukera. Era berean, mugikortasun elektrikoaren inguruko informazioa jasotzeko eta Zarauzko Hiri-mugikortasun Jasangarriaren Plana ezagutzeko aukera ere izango dute gerturatzen direnek.