Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final zortzirenetan parte hartuko dute zarauztarrek

Mireia Galarza Bastida 2024ko ira. 10a, 15:30

Apotzagan osteguneko aurkezpen ekitaldirako elkartutakoak. (Bertsoa.eus)

Guztira lau bertsolari zarauztar ariko dira lehian, horietako bi asteburu honetan: Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Aner Peritz Euzkitze. Gainera, finalaurrekoetako bat Zarautzen izango da azaroaren 24an.

Ospakizun giroan eta bertso eskolen lana aitortuz aurkeztuz egin zuten ostegunean Eskoriatzako Apotzagan 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren aurkezpena. Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea amaitu eta handik gutxira, parte hartuko zuten bertsolari guztien izenak jakin ondoren, ekainean aurkeztu zituzten txapelketaren hainbat jakingarri: txapelketaren egitura bera, saioen datak eta horien egoitzak... Ostegunean, txapelketan ariko diren hainbat bertsolari, gai jartzaile, epaile, babesle zein Debagoieneko bertso eskoletan dabiltzan gazteak elkartu zituen ekitaldian, aurtengo txapelketaren sintonia –Trigger musikariaren sorkuntza– eta berritasun nagusia aurkeztu zituzten. 25 urtetik beherako txapelketako bertsolari onenari saria emango diote aurten finalaren egunean, abenduaren 14an, Donostiako Ilunben, eta hori izango da 2024ko txapelketaren berrikuntza. 48 parte hartzaileetatik hamar dira sari hori irabazteko hautagaiak.

Aste honetan jokatuko dituzte final zortzirenetako lehen saioak, eta bertan lehiatuko dira Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean txapelketan aritzeko txartela lortu zuten bertsolarietako bi: Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Aner Peritz Euzkitze. Julen Zulaika irailaren 21ean ariko da Lazkaon, eta Oier Aizpurua, berriz, irailaren 28an Hondarribin.

Azaroaren 24an, Aritzbatalden

Gainera, Zarautzen egingo du geldialdia Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Hain zuzen ere, azaroaren 24an bigarren finalaurrekoa jokatuko dute Aritzbatalde kiroldegian.

Txapelketaren saio guztiak, finala barne, 17:00etan hasiko dira. Saio guztietarako sarrerak salgai daude Bertsosarrerak.eus webgunean. Bertsozale Elkarteko bazkideek eta gazteek prezio berezia izango dute sarreretan.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide