Irailaren 9a egun berezia da zarauztarrentzat, are gehiago aurtengoa bezalako urteurren garrantzitsua izanda. Ehun urte bete ditu aurtengoan festak, eta astelehena izan bada ere, horrek ez du irentsi jendearen festa gogoa.
Ia eguzkia ateratzearekin batera hasi dute eguna Zarautzen, dianarekin. Jarraian, Goiztarrak taldeak eta Gure Boza otxoteak hartu dituzte kaleak eta, txistulariek, trikitilariek, dultzaineroek eta Iturengo tunturroek musikaz girotu dute goiza. Beranduago, mendeurrena dela medio, herriko hainbat eragile omendu dituzte Lege Zaharren enparantzan. Halaber, 10:30ean, Frantziskotarren elizan meza nagusia egin dute, eta amaitzean Frontoi Txikin Goiztarrak taldearen eskutik pilota partidak, herri kirolak eta bertsolariak izan dira. Goiz osoan zehar gainera, pottoken gainean ibiltzeko aukera izan dute haurrek Arrosategi parkean.
Eguerdi partean, ohitutari jarraituz, Munoa plazan pilatu da jendetza, Alproja taldearen Ehun urte zain antzezlanaz gozatzeko. Lege Zaharren enparantzan, berriz, orga lehiaketa jokatu dute. Ondoren, ezohiko hitzordua izan da Musika Plazan; izan ere, Karrozen Lehiaketa antolatu du udalak mendeurrenaren harira, eta bertan hautatutako lau karrozak aurkeztu dituzte 13:30ean han. Karrozen ordezkariek oroigarri bana jaso dute udal ordezkarien eskutik.