Gorka Aranberri: "Arrauna tarteko, nahi baino gutxiago egoten naiz etxekoekin, eta haientzako da garaipena"

Ihintza Elustondo 2024ko ira. 8a, 16:00

Gorka Aranberri, bederatzigarren Kontxako Bandera irabazi berritan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Historia egin du gaur Gorka Aranberri (Zarautz, 1987) patroiak. Kontxako Bandera irabazi du Bermeorekin, bere ibilbideko bederatzigarrena; Aita Manuelekin batera, inoiz patroi batek eskuratu duen kopuru handiena da. Egindako bideaz "harro", emaitza onak lortzeko sekretu bakarra dagoela dio: "Lana eta ilusioa". Hain egun berezian, etxekoak izan ditu gogoan.

Historia egin duzu gaur. Bederatzigarren Kontxako Bandera irabazi duzu patroi gisa, eta beraz, Aita Manuelek ezarritako marka berdindu duzu. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Azkenean, zenbakiak dira. Kirol ibilbidean izaten diren lorpenak dira, eta historiako aurreneko patroiarekin berdinduta egoteak asko esan nahi du, bai Aita Manuelen alde, bai nire alde. Izan ere, niri horrek eskatu didan lana sekulakoa izan da; horrelako zenbakiak lortzea ez da erraza.

Zein dela esango zenuke hainbeste bandera poltsikoratzeko sekretua?

Mahai gainean aurrena jarri behar direnak lana eta ilusioa dira. Beti hobetzeko ilusioa izan behar da, eta zalantzarik gabe, lan asko egin behar da puntu honetaraino iristeko. Horrez gain, faktore pila bat daude. Nik eduki ditudan taldeak, agian, ez dira onenak izan urte batzuetan, baina beti esan dut irabazteko taldeak izan ditudala. Horrek ez du esan nahi garaipenak lortuko dituzunik, baina talde oso onak izan ditut, eta aprobetxatzen jakin dut; nirea ematen jakin dut, eta honaino iritsi gara.

"Merezimenduarekin" irabazi duzuela esan duzu gaurko bandera. Zer-nolako estropada egin duzue?

Estropada gogorra izan da. Bagenekien besteek zuten desabantaila errekuperatzea ez zutela erraza izango, baina bagenekien erasora joko zutela, eta guk ere halaxe egin behar genuen. Jakitun ginen beraiek indartsu aterako zirela, eta gu ere halaxe atera gara. Gure helburua garbia izan da: oso indartsu ateratzea, eta ziabogara aurrena iristea. Lortu dugu hori, eta ziaboga eman eta gero oso ondo bueltatzen ari ginen konfiantza osoa geneukan. Aste guztian halaxe bueltatu gara, eta gaur ere horretarako baldintzak zeuden. Bueltarakoan hego haize kutsua zegoen, baina talde indartsua daukagu, eta horri zukua ateratzen jakin dugu.

"Historiako aurreneko patroiarekin berdinduta egoteak asko esan nahi du"

Goizeko bostetan esnatu zara. Urduri al zeunden halako egun garrantzitsurako?

Bai, tentsioa eta urduritasuna nituen; gauzak ondo ateratzeko nahi hori. Tripa barruan gauza horiek mugitzen direnean, seinale ona da, bizirik zauden seinale; aukerak dituzun seinale. Uste dut gaur estropada borobila egin dugula eta merezimendu guztiarekin irabazi dugula.

Zarautzen hasi zenuen zure arraun ibilbidea, eta orduan espero al zenuen gaur egun zauden tokiraino iritsiko zinela?

Ez, inork ez du espero bere kirol ibilbidearen hasieran puntu honetaraino iristerik. Azkenean, bizitzak bere bidea darama, baina orduan neure burua ez nukeen irudikatuko hainbeste urtean arraunean, eta are gutxiago imajinatuko nukeen lortu dudan dena lortuko nuenik.

Oriorekin eta Santurtzirekin irabazi zenuen Kontxako Bandera bana, baina gainontzeko guztiak Urdaibarekin irabazi dituzu. Zer eman dizu talde horrek?

2011n Urdaibaira joan nintzenetik, etxean bezala hartu naute. 2011tik 2016ra urte gogorrak izan ziren, jarri ziguten zigorragatik eta. Kontxako Banderak irabazi genituen, baina ligan ez genuen hainbeste asmatu. Baina bigarren aldi honetan hiru liga eta hiru Kontxa irabazi ditugu, eta horiek hitz handiak dira.

Gaurko egunez, nor duzu gogoan? Nori eskaini nahi diozu lorpena?

Familiari, etxekoei. Izan ere, arrauna tarteko, nahi baino gutxiago egoten naiz beraiekin, ordu asko kendu behar izaten dizkiot elkarrekin egon beharko genukeen denborari. Hiru ume dauzkat, eta udan, oporretarako gosez egoten dira, gurasoekin ondo pasatzeko gogoarekin, eta neguan zer esanik ez; urte guztia etxetik kanpo pasatzen dugu. Beraientzako da garaipena.

Kirol gogorra izateko fama dauka arraunak. Lorpenik ez dago sakrifiziorik gabe, ezta?

Ez, eta hori denean gertatzen da, gainera. Norbaitek zerbaitetan arrakasta izan nahi badu, sekreturik ez dago; lan asko egin behar da, ilusio handiz. Bideak gorabehera asko izaten ditu. Normalena ez da irabaztea, normalena galtzea da, eta nik, zorionez, asko irabazi dut; oso eskertuta nago. Harro nago egin dudan bidearekin.

"Norbaitek zerbaitetan arrakasta izan nahi badu, sekreturik ez dago; lan asko egin behar da"

Nola ospatuko duzu garaipena?

Taldekide guztiok Gernikan [Bizkaia] bazkalduko dugu. Bermeon [Bizkaia] jaiak direnez, uste dut herria bandera gosez dagoela. Jende askok animatu gaitu azken asteotan, eta ziur nago herrian harrera polita egingo digutela; gozatzea tokatzen da gaur.

Liga amaitzeko, bi jardunaldi falta dira. Denboraldi batean inoiz irabazi diren bandera gehien eskura ditzakezue. Hori al da zuen hurrengo helburua?

Bai, baliteke. Helburu bat jartzeagatik, helburu hori bakarrik gelditzen zaigu lortzeko, eta aukera dagoen bitartean, horren bila joango gara. Uste dut sekulako denboraldia egin dugula; Bermeok iaz 11 bandera lortu zituen, eta aurten kopuru hori gainditu dugu dagoeneko. Horrek asko esan nahi du, baloratu egin behar da, eta errekorraren bila joango garen arren, lortzen ez badugu ere, ez da ezer gertatzen. Denboraldi borobila egin dugu, eta horrekin geldituko gara.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide