Gorka Aranberrik eta Bersaitz Azkuek Kontxako Bandera irabazi dute Bermeorekin

Ihintza Elustondo - Juan Luis Romatet 2024ko ira. 8a, 14:05

Bermeoko arraunlariak, Kontxako Bandera irabazi ostean. (Arnaitz Rubio Aprea)

Gorka Aranberri patroiak bederatzigarren aldiz irabazi du Kontxako Bandera, eta Azkuek, berriz, seigarren aldiz arraunlari gisa. Patroi gisa bederatzi Kontxako Bandera irabazita, Aita Manuelekin berdindu du bandera kopurua Aranberrik.

Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia jokatu dute gaur Donostiako uretan, eta aurreikuspen guztiak betez, Bermeorentzat izan da bandera. Bermeoko (Bizkaia) taldean bi zarauztar aritzen dira, eta beraz, haientzako egun handia da gaurkoa. Gorka Aranberri patroiak bederatzigarren aldiz irabazi du Kontxako Bandera, eta Azkuek, berriz, seigarren aldiz arraunlari gisa. Aranberrirentzat berezia izan da gaurko lorpena; izan ere, gaurkoarekin, bederatzigarren Kontxako Bandera irabazi du; horrela, Aita Manuelekin berdindu du bandera kopurua. Historia egin du, beraz.

Ikuskizuna, Kontxan

Ikuskizun galanta izan da aurten ere Donostiako badian. Berdintasuna izan da ohorezko txandako lehen luzean. Bigarren kaletik atera den Bermeok estropadako minutu eta erdira arte itxaron behar izan du segundo bateko aldea ateratzeko bere aurkariei. Atzetik, beste hiru traineruek borroka bizia mantendu dute lehen minutu horietan. Zierbena lehen kaletik, Orio bigarrenetik eta Donostiarra laugarren kaletik aritu dira. Ziabogara hurreratzen ari zirela, aldea zertxobait handitu du Bermeok: traineru eta erdi edo bi traineru gehienera jota. Une horretan hortzak estutu ditu Oriok eta pixkanaka hurreratzen joan da. Hiru segundo, bi, bat, baita une batean aurretik jarri ere. Bermeo, ordea, ez da lehen igandeko aldea kudeatzera joan Donostiara; bigarren jardunaldian ere irabazi egin nahi zuten, eta gutxigatik bada ere, azkarrena izan da ziabogan, 9:15 denborarekin. Orio izan da bigarren bi segundora (9:17), Donostiarra hirugarren 9:19 eta Zierbena laugarren (9:20).

Oso bestelakoa izan da itzulerako luzea. Bermeok turboa piztu du, eta ia ohartu gabe aldea handitzen joan da. Sekulako erakustaldia eman du Aranberri zarauztarrak gidatutako arraunlari taldeak, eta hamahiru segundoko aldearekin irabazi du gaurko estropada. Sailkapen orokorrean, berriz, 26 segundo atera dizkio bigarren egin duen Zierbenari, eta 36 hirugarren amaitu duen Donostiarrari, era horretan, zortzigarrengoz Kontxako Bandera irabaziz. 

Gorka Aranberri, Kontxako Bandera irabazi ostean. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide