Bertsolari Gazteen XLVIII. Lizardi Sariko txapelketaren kanporaketak gaur eta bihar jokatuko dira. Gaueko 22:00etan hasiko dira bi saioak. Aurten, lehiaketaren lekua aldatu dute. Santa Klara komentuko aretoan egingo da txapelketa. Bertan, hamasei bertsolari gazte kantuan ibiliko dira txapela lortzeko helburuarekin.
Bi kanporaketa saio egingo direnez, kanporaketa bakoitzean zortzi bertsolari arituko dira kantuan. Gaurko saioan hauek izango dira: Naia Arrizabalaga (Azkoitia), Iruri Altzerreka (Garai), Aimar Sorazu (Zarautz), Andoni Rekondo (Hernani), Unai Anda (Zuia), Maite Sarasola (Deustu), Uxue Alkorta (Zarautz) eta June Aiestaran (Beasain).
Biharko saioan, berriz, honako hauek arituko dira: Aitor Tatiegi (Oñati), Idoia Granizo (Altsasu), Andoni Mujika (Urnieta), Libe Goenaga (Getaria), Julene Iturbe (Azkoitia), Mikel Etxezarreta (Olaberria), Ane Peñagarikano (Zarautz) eta Araitz Katarain (Mallabia).
Finalari dagokionez, saio bakoitzeko irabazleak zuzenean lortuko du finalerako txartela, eta gainontzeko lau bertsolariak puntuazio bidez erabakiko dira. Irailaren 6an izango da. Ekitaldia gaueko 22:00etan hasiko da Modelo Aretoan.