Txandan nagusi izan da Zarautz, eta hirugarren postuak ehunenekoengatik egin dio ihes

Onintza Lete Arrieta 2024ko abu. 15a, 15:15

Enbata, denboraldiko estropada batean.

ZAEko mutilek gozatu egin dute gaur eguerdian Plentzian (Bizkaia) jokatu den estropada. Emakumeen trainerua, berriz, bosgarren sailkatu da.

Plentzian (Bizkaia) jokatu dituzte KAE1 ligako estropadak gaur eguerdian, eta Zarautzek gozatu egin du estropada. Enbatak nagusitasunez irabazi du bigarren txanda 21:25,69 denbora eginda, bigarren egin duen Arkoteri 19 segundoko aldea aterata. Haien atzetik gelditu dira Pedreña eta Hondarribia.

Sailkapenean hirugarren postua esku-eskura izan du, baina azkenean, ohorezko txandan lehiatu den Zumaiarentzat izan da, ehuneneko batzuen aldearekin. 21:25,48 denbora markatu dute zumaiarrek.

Estropada San Juan liderrak irabazi du azken luze dotorea eginda, eta Santurtzi izan da bigarren.

Sailkapen nagusiari dagokionez, seigarren jarraitzen du Zarautzek, 86 punturekin, Arkoteren (93 puntu) eta Pedreñaren (52 puntu) artean.

Etxean jokatuko du Enbatak hurrengo estropada, larunbat honetan bertan jokatuko baita Zarauzko Ikurrina.

Gaurko estropada:

1. San Juan: 21:04,69

2. Santurtzi: 21:15,48

3. Zumaia: 21:25,48

4. Zarautz: 21:25,69

5. Lapurdi: 21:30,49

6. Arkote: 21:42,59

7. Pedreña: 21:57,18

8. Hondarribia B: 22:01,81

9. Camargo: 22:04,01

10. Portugalete: 22:13,32

11. Orio B: 22:14,40

12. Deustu-Bilbao: 22:28,23

Emakumeen trainerua, bosgarren

Emakumezkoei dagokienez, ETEko estropadak ere Plentzian jokatu dituzte, eta zarauztarrek bosgarren amaitu dute lehia estropada txukuna eginda, 12:12,85 denborarekin.

Gaurko jardunaldia Zumaiak irabazi du sekulako estropada eginda, 11:34,04 denborarekin, eta lider den Astillerori bederatzi segundoko aldea atera dio.

Sailkapen nagusiari dagokionez, hirugarren da Zarautz 66 punturekin –Astillerok 90 ditu eta Zumaiak 87–, eta Kaiku dauka atzetik, 63 punturekin.

Mutilek bezala, hurrengo estropada etxean jokatuko dute, larunbat honetan.

Gaurko sailkapena:
 

1. Zumaia: 11:34,04

2. Astillero 11:43,37

3. San Juan: 11:45,46

4. Kaiku: 11:48,42

5. Zarautz: 12:12,85

6. Ondarroa: 12:18,58

7. Deustu-Bilbao: 12:29,18

8. Hernani: 12:39,62

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide