Urtero bezala, Zarauzko estropaden asteburua izango da aste honetan. Bi egitasmo antolatu dituzte. Alde batetik, abuztuaren 17 goizean, ETE Ligako Zarautz Arraun Elkartearen Emakumeen IV. Ikurriña eta KAE Zarautz Arraun Elkartearen Gizonezkoen XV. Ikurriña jokatuko dute. Beste aldetik, arraun maila goreneko jardunaldi bikoitza egingo dute. Abuztuak 17 arratsaldean eta abuztuaren 18 goizean, Zarauzko Ikurriña lehiatuko dute, zehazki, Emakumezkoen XVI. Zarauzko Ikurriña eta Gizonezkoen XLVII. Zarauzko Ikurriña.
Leire Aranak, Jai eta Ekitaldien zinegotziak, honako hau adierazi du: "Zarauztarrontzat asteburu garrantzitsua da, ikurrina arraun kultura eta ausadioaren isla delako. Gainera, emakumezkoen eta gizonezkoen sariak berdinak direla argi utzi nahi dugu. Urteak daramatzagu arraun munduan emakumeen alde egiten eta Udala konpromisoaren erakuslea da". Honez gain, Xabier Txurrukak, herriko alkateak, azpimarratu duenez: "Zarauzko Ikurriña oso maitea dugu. 1976. urtean lehena jokatu zen eta hortik aurrera, garaikor ederrena bihurtu da guretzat". Aldi berean, Inaxio Illarramedik, Zarauzko Kirol zinegotziak, "festa asteburua"dela eta jardunaldi ugari antolatu dituztela baieztatu du herritarrak arrauna eta tradizioa ikustera animatzeko.
Borja Rodriguezek, ACT-ko presidenteak, azaldu duenez: "Denboraldiko une klabea da. Zarautzen egitea garrantzitsua da tradizioaren eta arraunaren erreferentea baita. Estropada hauek antolatzeko esfortzua jartzen dutenei eskerrak eman nahi dizkiet, bereziki, emakumezkoen ikurriñari bultzada ematen dietenei". Honen arira, Nagore Arrutik, Zarauzko Arraun Elkarteko presidenteak, honako hau nabarmendu du: "Eskerrak eman nahi dizkiogu Zarauzko Udalari arraunari ematen dioen bultzadarengatik".