Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak emaitza bikaina lortu du atzo amaitu zuten surfeko US Open txapelketan. Kaliforniako (Estatu Batuak) Huntington Beach hondartzan jokatu dute txapelketa, pasa den asteartean hasi eta atzora arte.
Txapelketako final hamaseiretan Kirra Pinkerton estatubatuarrari irabazi zion Erostarbek, eta final laurdenetan Luana Silva brasildarrari. Finalerdietan Sally Fitzgibbons surflari australiarra izan zuen aurkari. Zazpi olatu hartu zituen azken honek; Erostarbek, berriz, lau. Hala, Fitzgibbonsek 13,90 puntu lortu zituen eta Erostarbek 9,57. Australiarra izan zen finalean garaile, Bella Kenworthy estatubatuarrari irabazi eta.
Txapelketa amaituta, hirugarren postua lortu du Nadia Erostarbek CS (Challenge Series) zirkuituko proban. Ez hori bakarrik: surfeko zirkuitu honetako sailkapen orokorrean bosgarren da zarauztarra 21,660 punturekin. Kontutan hartu behar da CS zirkuituko lehen bostak datorren denboraldian CT (Championship Tour) zirkuitua jokatzera pasatzen direla.