Espainiako Txapelketako proba nagusia irabazi duzu. Zer esan nahi du zuretzat garaipen horrek eta hemendik aurrerako lasterketetan maillot hori eramateak?
Txirrindularitzan norbere estatuko txapeldun izateak garrantzi handia du, urte oso batez maillot hori eramango duzulako. Garrantzi horretaz gain, gure taldearentzat helburu polita zen txapelketa irabaztea aurten. Talde sendoa genuen, eta Espainiako Txapelketaren kasuan, Mavi Garcia aurkari indartsuena eta irabazteko zailena zen. Guk, ordea, abantaila bat genuen; gu talde moduan geundela, eta bera, aldiz, bakarka. Hori aprobetxatu genuen. Taldean lasterketa on bat eginez, aukera izan genuen irabazteko. Hankak indartsu eduki genituen orokorrean, eta borobila atera zitzaigun.
Nik ez nuen posible ikusten eta ez nuen uste irabazteko aukera izango genuenik. Taldearentzat garaipen berezia izan zen, aurkariak oso-oso onak direlako eta maila handia dutelako. Blancok ere sekulako lana egin zuen, eta horrek lasterketa guztia gure alde jarri zuen. Berak ireki zuen bidea. Talde garaipena izan zen.
Espainiako Txapelketa irabazi izana zure palmaresean geratuko da, garaipen handienetako bat bezala. Orain arteko kirol ibilbidean, profesionala zarenetik, urte onena izaten ari al da?
Nire laugarren denboraldia da txirrindularitzan. Urtez urte ikusi dut hobetzen ari naizela apurka, baita ikasten ere kirol honen inguruan. Azkenean, errendimenduak garrantzi handia du, baina teknikoki eta taktikoki kirol hau barrutik ulertzea ere oso garrantzitsua da. Bide honi ekin nionean, ez nuen barrutik hain ondo ulertzen, eta asko nuen ikasteko. Hasiberria nintzen, azken finean. Urtez urte joan naiz errendimendua hobetzen nahiz kirol honen inguruan gehiago ikasten eta gozatzen. Ibilbidea polita ari da izaten.
Laboral Kutxara batu nintzenean, taldea ere hasiberria zen. Beraiekin ari naiz hazten. Taldea aurrerapausoak ematen ari den heinean, ni ere horretan ari naiz. Talde honetan bakarrik izan naiz, eta horrek harro sentiarazten nau. Ibilbide guztian biok batera ari gara aurrerantz, eta garaipen hauek oso bereziak izan dira. Aurreko urtean eman nuen salto handiena; izan ere, urte eta erdi igaro da lana utzi nuenetik. Erabaki horrek gehiago entrenatzea ahalbidetu dit, baita atseden gehiago hartzeko denbora eman ere. Azkenean, estresa jaisten da horrela, eta bizikleta gainean gehiago gozatzen duzu, jakinda gero ez zarela lanera itzuli behar. Erabaki horrek nire maila hobetzea eta gehiago gozatzea ahalbidetu dit.
Iaz hamaseigarren postuan amaitu zenuen Euskal Herriko itzulia, eta aurten, hamaseigarren Italiako Giroa, lasterketa handienetako bat.
Oso pozik nago. Lehen aldiz parte hartu dut Giroan, baita taldeak ere. Zortzi etapa dira guztira, itzuli oso berezia baita. Mundu osoko lasterketa garrantzitsuenetako bat da. Azkenaldian sentipen onak ari naiz izaten, eta horrek ilusio eta indar handiagoa ematen dizkizu lanean jarraitzeko. Giroan asko gozatu dut, eta pozik nago lortu dudan emaitzarekin. Orain, aldiz, Frantziako Tourra dator [abuztuaren 12an hasiko da Rotterdametik (Herbehereak)]. Hilabete dugu Tourraren eta Giroaren artean, hain zuzen ere. Entrenatzeko denbora hartu beharra dut, baita etxean egoteko eta pilak kargatzeko ere.
Taldeak lehenengo aldiz parte hartuko duela aipatu duzu, baita zuk ere. Taldeak aurten apustu sendoa egin du izen handiak ekarrita; Ane Santesteban eta Lourdes Oyarbide, besteak beste.
Txirrindularien nahiz langileen taldean jende berria sartu da aurten, horietako asko euskaldunak. Urtez urte goaz hazten, zentzu guztietan. Talde batek, taldea bera euskalduna izanda, bertako txirrindulariak ere behar ditu. Eta zer hobeto Ane eta Lourdes bezalako txirrindulariak taldera ekartzea baino. Azken finean, niretzat erreferente batzuk dira, eta asko erakutsi digute, zentzu guztietan.
Ez dago dudarik maila ona ematen ari zarela. Zure emaitzak kontuan izanda, Suitzan egingo duten Munduko Txapelketan ikusten al duzu zure burua?
Ziurrenik bertan egoteko aukera izango dut, bai. Ez dute deialdi ofiziala argitaratu oraindik, baina sekulako ilusioa egingo lidake Belgikan jokatuko den Europako Txapelketan parte hartzeak, baita Suitzako Munduko Txapelketan ere. Uste dut astebeteko tartea dagoela bien artean, eta biak irailean dira. Esperantza dut eta aukerak ikusten ditut, bai.
Txapelketa horiek beste amets bat dira. Zure emaitzak eta garapena ikusita, aurten ez badituzu lortzen, hurrengo urtean izan beharko du...
Kontuan izan behar da nolako bi zirkuitu diren; menditsuak diren ala ez, eta horren arabera txirrindulari ezberdinak eramaten dituzte, zirkuituaren baldintzetara egokitzen direnak. Kasu honetan, Suitzako profila ikusita, uste dut baditudala aukerak bertan izateko. Eta aurten ez bada, hurrengo urtean izango da.
Epe laburrean edo luzean, zein dira zure helburuak eta erronkak txirrindulari profesional gisa?
Ez dut emaitza finkorik edo lasterketa bereziren bat buruan. Urte luzez txirrindulari profesionala izaten jarraitu nahi dut. Oraingoa nire bigarren denboraldia da profesional bezala, eta asko ari naiz gozatzen. Bizitza estilo hau gustuko dut, probekin asko disfrutatzen baitut. Hala ere, asko dut hobetzeko, eta urtez urte jarraitu nahi dut hobetzen. Emaitza politen bat lortzekotan, ilusioa egingo lidake Euskal Herriko Itzulia irabazteak.