Aurreratu bezala, Esparragueratik (Bartzelona) bisita jasoko du Zarautzek asteburuan. Hain zuzen ere, herri horretako castellers-ek emanaldiak eskainiko dituzte bihar goizean nahiz arratsaldean. 12:00etan, kalejira egingo dute arratsaldeko emanaldia iragartzeko, eta 17:30ean, giza dorrea egingo dute Lege Zaharren Enparantzan.
Bihar izango dira ekitaldiak, baina Zarauzko Udalak azaldu du gaur iritsiko direla herrira kataluniarrak, eta horregatik harrera egingo diete. 18:00etan izango da hori, udaletxean.
Udalak azaldu duenez, kataluniarrek proposatu zioten Zarauzko Udalari herrian ekitaldia egitea, haientzat «ohikoa» delako udan horrelako irteerak gauzatzea. Aldi berean, beren emanaldia euskal kulturarekin uztartzea proposatu zuten, eta horregatik, herri kirolen emanaldi batekin uztartuko dute kataluniarren erakustaldia.