Esparraguerako 'castellers'-en bisita jasoko du herriak

Aritz Mutiozabal 2024ko uzt. 18a, 09:00

Eguerdian kalejira egingo dute, eta arratsaldean giza dorrea Lege Zaharren Enparantzan.

Esparragueratik (Bartzelona) bisita jasoko du Zarautzek etzi. Hain zuzen ere, herri horretako castellers-ek emanaldiak eskainiko dituzte larunbat goizean nahiz arratsaldean. 12:00etan, kalejira egingo dute arratsaldeko emanaldia iragartzeko, eta 17:30ean, giza dorrea egingo dute Lege Zaharren Enparantzan.

Udalak azaldu duenez, kataluniarrek proposatu zioten Zarauzko Udalari herrian ekitaldia egitea, haientzat «ohikoa» delako udan horrelako irteerak gauzatzea. Aldi berean, beren emanaldia euskal kulturarekin uztartzea proposatu zuten, eta horregatik, herri kirolen emanaldi batekin uztartuko dute kataluniarren erakustaldia.

Udalak aditzera eman duenez, ongietorria ere egingo diete Esparraguerako herritarrei. Hala eta guztiz ere, ez dute zehaztu noiz, eta gehitu dute iritsiera orduaren araberakoa izango dela ekintza hori.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide