Arrakasta handia izan du Haurren Arrantza Festak

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 14a, 16:00

Inoizko parte hartzerik handiena izan du aurtengo edizioak eta gehientsuenek lortu dute arrainen bat harrapatzeak. Nolanahi ere, denek izan dute saria, ohi bezala.

Arkaiz Mendi elkarteak antolatutako Haurren Arrantza Festak marka guztiak hautsi ditu gaurkoan, inoizko handiena izan baita parte-hartzea. Orotara, 136 haur aritu dira arrantzan Moilatik hasi eta ia Getariaraino. Antolatzaileek, gainera, datorren urtean marka hausteko erronka bota diete parte hartzaileei hurrengo edizioan errepikatu dezaten eta eta aritu ez direnak animatu daitezen.

Parte hartzaileak bakarka nahiz taldean aritu dira, baina denek izan dute heldu baten laguntza, gutxienez. Hala, askorentzat familian egiteko goizeko plana izan da gaurko arrantza festa. Gainera, gehientsuenek lortu dute arrainen bat harrapatzea, nahiz eta txikia izan. Hala ere, ezer harrapatu ez dutenek ere izan dute saririk, denentzat baitzituzten opariak, pintxoak eta edariak antolatzaileek.

Sari banaketari ekin aurretik, Karlos Argiñano, Patxi Larrañaga eta Eloy Vazquez ere omendu dituzte. Lehenengo biak egitasmoa babestu dutelako urte luzez, eta azkena lehenengo antolatzaileetako bat izan zelako.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide