Eloy Vazquez: "Bulegoa sariz beteta genuelako sortu genuen udako lehiaketa"

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 10a, 12:00

Eloy Vazquez (utzitakoa)

Arkaitz Mendi elkarte gastronomikoak antolatuta, 62. haurren arrantza festa egingo dute igandean. Aurten, Karlos Argiñanori, Patxi Larrañagari eta Eloy Vazquezi aitortza egingo diete; azken horri egitasmoaren sorreran parte hartu zuelako.

Nola hartu duzu igandean jasoko duzun omenaldiaren jakinarazpena?

Harriduraz, ez baitut uste ezer berezirik egin dudanik.

Zer dela eta ekin zenion arrantzari lotutako lehiaketak eta haurrentzako festak antolatzeari?

Arkaitz Mendi elkarteko bazkide egin nintzenean, berehala izendatu ninduten ehiza eta arrantza saileko arduradun. Karguko egitekoetako bat zen txapelketak antolatzea, eta, horretarako, sariak bildu behar izaten genituen. Hainbeste pilatu genituen, goraino bete genuen elkarteko bulegoa. Horregatik, udan beste lehiaketa bat antolatzea bururatu zitzaigun opari gisa emateko.

Lehiaketak antolatzeaz harago, zein ziren zure egitekoak Arkaitz Mendiko ehiza eta arrantzako arduradun gisa?

Amuarrainez birpopulatu behar izaten genituen inguruko errekak, eta horixe zen lan neketsuena, egia esan; izan ere, Donostiara joan behar izaten genuen Frantziatik ekartzen zizkiguten arraben bila. Horrez gain, astero joan behar izaten genuen erreketara ea amuarrainik bazegoen ziurtatzeko.

Luze aritu al zinen lan horiek guztiak egiten?

Ez nuke jakingo urte kopurua zehazten. Duela hogei bat urte utziko nuen elkartea, eta ordura arte aritu nintzen.

Arrantzarekiko zaletasuna ere izango zenuen, noski.

Handia. Lehen ia egunero joaten nintzen arroketara edo errekara. Orain, ordea, 90 urte ditut, gurpil aulkian nabil eta ezin dut.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide