Kepa Susperregi izango da Zarauzko erretore berria

Mailo Oiarzabal 2024ko uzt. 6a, 15:43

Kepa Susperregi, artxiboko irudian. (Uztarria)

Azpeitiko parrokoa izan da Susperregi azken 31 urteetan. Uda ondoren hartuko du Zarauzko Parrokiaren ardura.

"Buruz, ikusten nuen aldaketa hau gerta zitekeela edo izendapenak izan zitezkeela. Baina albistea jaso nuenean... Buruz ikusten duzu aukera, baina gero, bihotzak beste gauza batzuk eskatzen dizkizu", dio Kepa Susperregik (Errenteria, Gipuzkoa, 1957). Azpeitian 39 urte eta horietatik 31 herriko parroko izan ondoren, uda ondoren Azpeitia utzi eta Zarauzko Parrokiaren ardura hartuko du Susperregik.

Zarautzen, iazko irailean hil zen Jokin Lizasoren tokia hartuko du Susperregik. Lizaso hil ondoren Juan Mari Olaetxeak, Elizbarrutiko bikario nagusi izandakoak, hartu zuen behin-behinean Zarauzko Parrokiaren kargua, eta hilabete gutxi barru Susperregik beteko du haren tokia.

Ia 40 urte egin ditu Susperregik Azpeitian. Patxi Aizpitarte eta biak duela 39 urte iritsi ziren Sanjuandegira, Setien gotzainaren proposamena onartuta. Parrokiaren buruzagitza, berriz, 1993an hartu zuen Susperregik, eta harrezkero izan da Azpeitiko erretorea; Azpeitiko artziprestea ere bada, azken bi urteetan Errezilgo parrokoa ere bai, eta Beizamakoa eta Bidania-Goiazkoa ere izan da, aurreko sei urteetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide