Aurten, besteak beste, Euskadiko txapeldun izandako ZKEko infantil nesken eskubaloi taldeak ezin izango du aritu haurren Txaparrotan hondartzako eskubaloi txapelketan, Goteborgera (Suedia) bidaiatuko baitu bihar, Partille World Cup txapelketa jokatzeko. Asteartean hasi eta igandean amaituko da txapelketa, eta, mundu osotik joandako 1.305 taldek parte hartuko dute hainbat kategoriatan banatuta. Zarauzkoa 14 urtez azpiko nesken kategorian arituko da, zehazki, beste 110 talderekin batera.
2010ean jaiotako hamahiru neskak osatzen dute Zarautz ordezkatuko duen taldea, eta txapelketako lehenengo fasean, Suedia bertako, Danimarkako eta Norvegiako bost talderen aurka jokatu beharko du. Bigarren faseari ostiralean ekingo diote, eta aurrekoan lortutako emaitzak edozein direlarik ere, aurrera jarraitzeko aukera izango dute. Hala, beste herrialderen bateko aurkarien kontra aritzeko aukera izatea espero dute gaztetxoek, hamahiru herrialdetako taldeak ariko baitira, guztira, zarauztarren kategorian.
Ia 40 laguneko espedizioa
Eskubaloi jokalariek ez dute Suediara bakarrik bidaiatuko; izan ere, hiru entrenatzaileak eta senitartekoak izango dituzte lagun. 39 lagun izango dira, orotara. Helburu zehatzik ez diote jarri beren buruari; batetik, ez dakitelako zer-nolakoa izango den aurkarien maila, eta, bestetik, asmoa delako "kantxa barruko eta kanpoko izerdi askoren ondoren, denboraldiari amaiera polita ematea".
Azken horren harira, azaldu dute Gabonetan, abenduaren 28tik 30era, Bizkaiko eta Gipuzkoako 28 taldek Andoainen (Gipuzkoa) jokatu zuten txapelketa irabazi zutelako lortu zutela Goteborgeko txapelketarako txartela. Egonaldia ere ordainduko diete sariaren barruan, baina hegaldia eta bertako gastuak ordaintzeko finantzazio bila aritu behar izan dute. Hamasei babeslek emandako laguntzari esker lortu dute, azkenean, eta oso eskertuta agertu dira.