Eskubaloi jaiak aurrera darrai hondartzan, badator Txaparrotan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ekainaren 28a

ZKEko eskubaloi jokalari gaztetxo bat, joan den astean, Desertu Txikian jaurtiketa egitear. (ZKE Eskubaloia)

Bihar eta etzi jokatuko dute haurren ekitaldia, eta 105 taldek parte hartuko dute. Eskualdeko hamahiru jokalari ariko dira erkidegoen arteko Espainiako Txapelketan astelehenetik.

Hondartzak eta eskubaloiak urtero egiten dute bat uda hasieran Zarautzen, eta aurtengoa ez da salbuespena izango; izan ere, datozen bi asteburuetan jokatuko dute Txaparrotan hondartzako eskubaloi txapelketa, Desertu Txikian: bihar eta etzi haurren txanda izango da, eta datorren astean helduena.

Ohi bezala, herriko eskubaloi taldeetako jokalariek eta jokalari ohiek antolatu dituzte bi ekitaldiak, eta lan handiena hurrengo egunetan izango badute ere, hilabetetik gora daramate lanean buru-belarri, alderdi asko direlako aldez aurretik kudeatu beharrekoak. Inskripzioetarako epea joan den maiatzean zabaldu zuten, eta behin itxita, ordainketak behar bezala egin direla ikuskatu, kamiseten eskaera egin eta txapelketako koadroa osatu dute. Horiek guztiak ez dira arinak izan, sekulako arrakasta baitu Txaparrotan txapelketak. Horren erakusle da 105 taldek eman dutela izena haurren txapelketan eta 128k helduenean.

Haurren txapelketa adinaren eta sexuaren arabera banatutako kategorietan jokatuko dute: benjaminak, kimuak eta infantilak. Helduen txapelketan, aldiz, emakumeen eta gizonen kategoriak soilik izango dira. Ondorioz, kadete mailatik aurrerako jokalari guztiak nahastuta ariko dira.

Halaber, talde mistorik izango da parte hartzaileen artean, beste behin, baina orain arte bezala, mutilen kategorietan aritu beharko dute, ez baitute kategoria propiorik. Hala eta guztiz ere, txapelketako koadroak osatzeko orduan antolatzaileek lehenetsi dute talde mistoak multzo berean aritzea lehenengo fasean, elkarren aurka jokatzeko aukera izan dezaten.

Hori horrela, benjamin mailako taldeen partidekin abiatuko dute haurren ekitaldia bihar, 09:30ean, eta 31 talde ariko dira; bederatzi nesken kategorian, eta 22 mutilenean. Azken horretan parte hartuko duten taldeen artean zortzi izango dira mistoak. Kimuen mailan, berriz, 41 taldek eman dute izena, orotara; 21 neskenak dira, eta hogei mutilenak –horietatik hiru mistoak–. Infantilen mailan, azkenik, 33 talde lehiatuko dira: hamabost neskenak, eta hemezortzi mutilenak –bakarra izango da mistoa–. Kategoria guztietako finalak igande arratsaldean jokatuko dituzte.

Hiru asteburutako festa

Txaparrotan txapelketaz gain, aurten izan da hondartzako eskubaloiari loturiko berritasunik. Kadete, jubenil eta senior mailako Euskadiko Txapelketa irekia jokatu zuten joan den astean, lehenengo aldiz. Lau herritan antolatu dituzte jardunaldiak, eta hirugarrena izan zen Zarauzkoa. Etxeko kadete mutilen taldeak saihestu zuen, hain justu, Bizkaitik etorritako taldeak kategoria guztietan gailentzea; izan ere, gainontzeko guztietan nagusitu ziren.

Horrez gain, erkidegoen arteko Espainiako Hondartzako Eskubaloi Txapelketa prestatzeko Eusko-Nafar jokoen egoitza izan zen Desertu Txikia joan den igandean. Aipatu txapelketa lehiatuko duten Euskadiko eta Nafarroako infantil eta kadete mailetako selekzioak ez ezik, Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak aritu ziren, eta maila handiko entrenamendua izan zen denentzat. Kadete mailako bi kategorietan Euskadikoa izan zen selekzio onena, eta infantil mailakoan Nafarroakoa.

Espainiako Txapelketari lotuta, era berean, astelehenetik asteazkenera bitartean jokatuko dute Murtzian (Espainia), eta Urola Kostak izango du ordezkaritzarik Euskadiko selekzioan. Hamahiru jokalari deitu dituzte eskualdeko taldeetatik: zortzi Zarauztik, hiru Oriotik eta bi Zumaiatik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide