Eguerdian Xabier Txurruka alkatearen eskutik Aginte Makila jaso eta txupina bota ondoren, Haurren XLIV. Agerraldiko zuzendari nagusi Maddi Garciak eta gainerako zazpi zuzendariek ederki gidatu dute arratsaldeko danborrada. Ohi bezala, Azken Portu, Iñurritza, Vista Alegre eta Itxasmendi auzoetatik abiatu dira herriko haurrak, danborrak eta barrikak jotzen, eta gune bakoitzean kolore ezberdinez nahiz garaiko ofizioak irudikatuz.
Ekitaldi bateratua Lege Zaharren Enparantza egin dute, 20:00etan, betiko moduan. Lau taldeak Foruen kaletik plazaratu dira elkarrekin, lau txaranga edo bandaren erritmopean. Lehenik eta behin, Motxian-Etxebeltz Bertsoguneko bi gaztek bina bertso abestu dituzte, eta, jarraian, Manolo Urbietak sortutako bost abesti jo dituzte Maddi Garciak gidatuta.
Dozenaka ume elkartu dira ilusioz beteta, eta indar biziz jo dituzte danborrak eta barrikak. Hesitutako ingurumarian, berriz, familiako kideak, lagunak eta herritarrak, San Pelaio bezperako lehen danborrada bertatik bertara jarraitzeko estimu handiarekin. Izan ere, galdu ezin den ekitaldietako bat da festa egun hauetan.
Amaitzeko, guztiek elkarrekin, baita Haur Kultur Taldeko kideak barne, Pelaio, Pelaio ereserkia abestu zuten, eta kantua bukatu bezain pronto, txapelak zerurantz bota zituzten haurrek, datozen jaiei hegalak emateko.
Gauerdian, helduen txanda izango da. Berriz ere plaza lepo beteko da, herriko elkarteen danbor doinuekin; haurrek bezainbeste gozatuko dute hauek ere. Banderaren igoera eta txupinazoa zuzenean ikusi ahal izango da Guka Telebistaren webgunearen zuzenekoaren atalean