Sanpelaioek bi hasiera ofizial izaten dituzte, biak ala biak hamabietan puntuan hasten dira udaletxeko balkoitik herriko jaien aldarria eginez. Eguerdian, urtero bezala, herriko haur eta gaztetxoei zuzendutakoa izan da, eta Haurren Agerraldiko Danbor Nagusia izango den Maddi Garciak izan du festak abiarazteko ohorea, Xabier Txurruka alkatearekin batera. Txupinaren jaurtiketa eta udaletxeko balkoitik jaurtitako gozokien banaketak erabat girotu ditu Lege Zaharren Enparantzan bildu diren herritarrak.
Txupinak eztanda egin aurretik, alkateak harrera egin die gaur arratsaldean Haurren Agerraldian ariko diren zuzendariei. Usadioei jarraituz, Danbor Nagusiak Aginte Makila jaso du alkatearen eskutik, "danborrada zuzen zuzentzeko". Vista Alegre auzotik irtengo da Maddi Garcia, Clara Saizabalekin batera; Iñurritzatik Amale Tamayo eta Jare Iruretagoiena; Azken Portutik Beñat Zabaleta eta Aiur Zulaika; eta Itxasmenditik, azkenik, Anne Lasa eta Sara Gonzalez-Etxabarri. 18:30ean hasiko da danborrada.
Ondoren, zuzendari guztiak bat eginik, eta Haur Kultur Taldeko kideen babesean, Zigordia, Ipar eta Santa Marina kaleetan zehar abiatu dira kalejiran. Zarauzko buruhandiak eta erraldoiak ez dute hutsik egin, eta Igande txarangaren doinuen jarri dute erritmo, atzetik zihoazen herritarren gozamenerako. Gainera, goizean goizetik Turismo Bulegoan banatzen aritu diren jaietako zapi urdinak nagusi izan dira herritarren lepoetan.
Kalejiraren jomuga, Santa Marinako ermita izan da. Zaindariari eskerrak emate aldera, aurten ere lore eskaintza egin diote danborradako haurrek, eta nola ez, egun hauetan eguraldi eta giro ona eskatzeko baliagarri izan da.
Bestalde, bihar eguerdian Erraldoi eta Buruhandien Zarauzko VI. Topaketa izango da, eta udalak jakinarazi duenez, Bidasoako konpartsak ezin izango du bertan parte hartu. Hori dela eta, Iruñeko erraldoiak etorriko dira aurtengo topaketara.