Euriak ez du San Joan suaren garra itzali

Julene Sorarrain 2024ko eka. 24a, 10:30

Eguraldiak mehatxu egin bazuen egun osoan zehar, horrek ez zuen kendu herritarrak suaren bueltan biltzeko gogoa.

Urtero bezela, sua piztuta eta bere inguruan dantzatuta eman diote ongietorria udari Mitxelenako zabalgunean. Nahiz eta eguraldiak ez lagundu, herritar ugari bertaratu ziren 20:00etarako Zelai Ondoko bolatokira erretako sardinak dastatzera. Sua piztu aurretik, Xaukena Elektrotxaranga auzoa girotzen aritu zen eta herritarrak, jai giroan murgilduta, Antonio Aranzabal zenaren zelaira gerturatzen hasi ziren, San Joan sua ikusteko leku hoberena lortzeko.

Aurretik estalita zituzten egurrak desestali eta 22:00etan hasi ziren sua pizten. Aipatu ordua heldutakoan, suziria bota eta bina bertso abestu zituzten Aimar Sorazuk eta Uxue Alkortak. Hauei Montetxio abesbatzako kideek hartu zieten erreleboa, Goizeko Ihintza taldeko txistulariek jarritako doinuei ahotsa jartzeko. Bitartean, Jalgi Dantza Taldeko kideek ikuskizuna eskaini zuten, suaren inguruan dantzarik. Ekitaldia amaitu ostean, festak Zelai Ondon jarraitu zuen, Xaukena Elektrotxarangaren eskutik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide