Ekaineko ohiko bilkura astebetez aurreratu, eta joan den ostegunean egin zuten, datorren astean sanpelaioetan murgilduta egongo delako herria. Udalbatzar saioak ez zuen gorabehera berezirik izan; bai, ordea, amaierako Danda Gazte Asanbladaren hitz hartzeak.
Bilkura behin bukatuta, Danda Udalbatzari zuzendu zitzaion. "Urteetan zehar, oro har, udaletik kanpo antolatzen garenok eta egitarau ezberdinak prestatzen ditugunok izaten ditugu oztopoak salatu nahi ditugu", azaldu zuten asanbladako kideek. Festa batzordeak, eragile politikoak, aisialdi taldeak eta auzo elkarteak direla "egunerokoan jasaten" dutenak, eta "udalak baliabide tekniko eta ekonomiko guztiak ditu eskura".
Adibide gisa, auzoetako jaietan dauden ordutegi eta dezibelio mugak izan zituzten aipagai. "Horrek borondatez eta militantziaz antolatzen diren festak oztopatzeaz gain, kalitatezko ekitaldiak antolatzeko baldintzak xahutzen ditu", zehaztu zuten. Kontrara, Udalak Aste Nagusiko kontzertuetarako 137.000 euro bideratuko dituela gogora ekarri zuten, "turismoa sustatzeko", eta herriko jaietarako "zenbateko horren hamarrena ere ez du inbertitzen"
Dandak eta antzerako eragileek "miseriazko dirulaguntzak" jasotzen dituztela azpimarratu zuten, eta "labirinto burokratikoak igaro behar izaten ditugu kalean zerbait antolatzeko". Kartel urdinaz harago, kaleak aldarrikatzeko eremu "zilegiak" direla iritzi dio asanbladak, eta horretan jarraituko duela aurreratu zuen. Horrekin batera, udalak duen "jarrera autoritarioa" salatu zuen: "Xabier Txurruka alkatea ikusi dugu jendeari segika eta jarrera oldarkorrean bere eskuekin pankartak eta kartelak kentzen".
Zentzu horretan, Dandaren jarduna aurrera eramateko bermea eskatu zuten, eta horretarako eskakizun hauek egin zituzten: dirulaguntzak handitzea; ordutegi eta dezibelio muga "zentzugabeak" kentzea; kalearen erabilera egiteko burokrazia kontuekin amaitzea: eta kalean aldarrikapenak egiteko propaganda politikoa egiteko eskubidea izatea, baita udalaren jarrera autoritarioarekin amaitzea ere.
"Ondorioak atera ditzala norberak"
Jaien eta Ekitaldien zinegotzi Leire Aranak momentuan erantzun zien Dandako gazteei. Argi eta garbi utzi nahi izan zuen dezentetan bildu dela haiekin, eta beti egon dela haien kexak eta zalantzak entzuteko nahiz argitzeko prest. Zinegotziak gogorarazi zien urtean bi dirulaguntza nagusi jasotzen dituztela, 10.700 euro guztira, sanpelaioetarako eta Euskal Jaietarako. "Kopuru horretaz gain, baliabideak eta azpiegiturak ere ordaintzen ditu udalak ekintzak aurrera eramateko. Sanpelaioetan, oholtza eta kamioi-eszenatokia, 2.500 euro inguruko kostua izango dutenak; materialei dagokienez 1.575 euro; eta komunen alokairuan, 1.300 euro. Euskal Jaietan, oholtzarako 2.300 euro eta komunetan 1.600 euro". Dirulaguntzez aparte, beste 10.000 euro direla baliabidetan zehaztu zuen Aranak
Bestalde, urtean zehar ekitaldiak egiteko baimena ere eskatzen du Dandak, eta udalak ematen diola oroitarazi dio. "Horietan, oholtza, mahaiak eta aulkiak ordaintzen ditu aipatu dirulaguntzatik kanpo". Bestelako ekitaldi batzuk antolatzeko espazio bat ere badutela azpimarratu zuen zinegotziak, Hiruputzu gaztetxea aipagai: "Udalak erosi eta egokitutako gazteei zuzendutako espazioa da, eta egokitzapen lanerako 70.000 euro bideratu zituen bere egunean". Datuak eta zenbatekoak mahai gainean jarrita, ondorengoa aurpegiratu zien Dandakoei: "Miseriazko dirulaguntzak diozue... Orain, bakoitzak atera ditzala ondorioak!".
Ordutegiei eta dezibelioei erreparatuta, herritar orok duela atsedenaldirako eskubidea nabarmendu zuen Aranak, eta "ni aldeen arteko oreka lortzeko" arautzen dira jaietako muga horiek. Bestalde, kale erabilpenaren ordenantzan garbitasuna eta hiri paisaiaren zaintza jasotzen da, beraz, debekatuta dago herriko elementutan kartelak, pankarta eta pegatinak jartzea.
Pankartak jarri daitezkeela gogorarazi zuen zinegotziak, udalari baimena eskatuta eta herriko edo tradizioko jaietan. "Txosnetan pankartak jartzeko baimena eskatzen duzue eta ematen zaizue nahi duzuen aldarriekin. Sanpelaioetarako ere eskatu dituzuen lelo guztiak onartu dira", adierazi du. Halaber, udalak trataera bera ematen diela eragile guztiei zehaztu zuen, eta eskaerak egiteko bidea ere bera dela denentzat.
Amaitzeko, Aranak komentatu zuen aurrez Dandako ordezkariekin bildu izan denean egin ohi izan dioten eskakizunetatik bi baino ez zituztela egin ostegunean: dirulaguntzena eta eskaerak egiteko prozedurarena. "Beti erantzun dugu laguntza handitzea aztertuko genuela, baina horretarako jakin behar dugu zenbatekoa izango litzatekeen eta zertarako. Landu eta aztertu egin behar dira gauzak, gainerako eragileekin egiten dugun bezala. Baina oraindik ez dugu zuen proposamenik jaso", jakinarazi zuen.
EH Bilduren berrantolaketa
Udalbatzarrean, bi aztergai onartu zituzten, biak ere EH Bilduko udal taldeko barne antolakuntzari eragiten dizkiotenak. Itziar Muruak parlamentari kargua hartu du, eta UKUEko organoetarako ordezko ordezkari izatera pasatuko da aurrerantzean, bere tokia Garazi Olaizolari utzita. Era berean, muzin egin dio zinegotzi soldatari, eta EH Bilduko Ainara Landak eta Garazi Olaizolak erabateko dedikazioan ariko dira; 3.385 euroko ordainsaria jasoko dute hamalau hilekotan.
Koalizioaren aldeko zortzi botorekin onartu ziren proposamenak; Udal Gobernuko bi udal taldeek, berriz, abstenitu egin ziren. Xabier Txurruka alkateak nabarmen du zuen EAJrena "abstentzio kritikoa" dela: "Guk oposizioak lana txukun egin dezan nahi dugu, baina EH Bilduk agintzen duen beste herrietan, Getarian bezala, ez da hori gertatzen". Ion Arozena bilkideak erantzun zion alkateari bere arrazoiketa "lekuz kanpo" zegoela.
Bestetik, PSE-EE udal taldeak aurkeztuta, Ekialde Hurbileko muturreko indarkeria egoerari buruzko mozioa eztabaidatu zuten hiru udal taldeek. Guztiek bat egin zuten, eta aho batez onartu zen.