Zarauzko Udalak jakitera eman duenez, Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiak hobespena eman dio Irita eta Amillubi eremuei dagokien Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualari. 2023ko urtarrilaren amaierako udalbatzarrean eman zioten hasierako onespena Irita-Amillubi planari; zehaztapen batzuk eginda, maiatzaren 11n, 2019-2023 agintaldiko azken bilkurara aurkeztu zuten berriro, eta beste behin onartu zuten behin-behinean udal gobernuko kide diren EAJren eta PSE-EEren babesarekin. Orain, Espainiako Gobernuaren baiezkoa jaso dute.
Gauzak horrela, Irita eta Amillubi eremuetan ondorengo aldaketak gauzatuko dituzte. Iritan –Itxasmendi eta autobidearen ordainlekuaren artean– erregimen sozialeko 130 etxebizitza inguru eta ehun zuzkidura bizileku inguru sustatuko dira.
Onespenaren bidez, Iritako hezegunearen azalera 16.500 metro koadro zabaltzea legeztatuko da, eta haurreskola parean, Iñurritza errekaren hormigoizko horma zaharrak bota eta ertzak birnaturalizatzen jarraitzeko aukera zabalduko da.
Amillubin, udal brigadaren eraikina dagoen partzelan, autobus geltoki berriaren eraikuntza bideratuko da. Tren geltokiarekin lotuta egongo den bus geltoki berriak sotoan aparkaleku publikoko bi soto izango ditu. Sestra gainean, berriz, 20 etxebizitza tasatu eta salmenta libreko 45 etxebizitza inguru egitea aurreikusten du udalak. 45 etxebizitza horiek jasago dute, hein handi batean, eremu guztiaren urbanizatze karga, autobus geltoki berria barne.