Udal Gobernuak proposatuta, Amillubi eta Iritako eremuetan indarrean zegoen planaren aldaketa onartu zuten ostegunean eginiko udalbatzarrean, EAJ eta PSE-EEren alde botoekin; EH Bildu kontra bozkatu zuen eta Podemos Equo Berdeak abstenitu egin zen. "Bigarren etxebizitza planaren lehen urratsa ematera goaz gaurko plan orokorraren aldaketa onartuta", zehaztu zuen Xabier Txurruka alkateak.
Horrenbestez, 295 etxebizitza eraikiko dituzte bertan, non 250 babestutakoak izango diren eta 45 libreak. "%85a izango da babestua, lurzoru legeak %40a izatea finkatzen duenean", nabarmendu nahi izan zuen alkateak. Hala ere, oposizioko udal alderdiak oso haserre agertu ziren lur publikoa salerosketa pribatura bideratzeko asmoagatik.
Hezegunea zabaldu
Onartu berri den plan aldaketarekin, Iritan –Itxasmendi eta AP-8 autobideko ordainlekuaren artean– erregimen sozialeko 130 etxebizitza inguru eta ehun zuzkidura bizitoki publiko sustatuko dituzte. Iritako hezegunearen azalera 16.500 metro koadro inguru zabalduko dute, eta haurreskola parean, Iñurritza erreka ondoko hormigoizko horma zaharrak bota eta ertzak birnaturalizatzen jarraitzeko bidea egingo dute.
Amillubin, berriz, egun udal brigadaren eraikina dagoen partzelan, "Zarautzek behar duen autobus geltoki berria" eraikiko dutela adierazi zuen Txurrukak. Iñurritzako tren geltoki berriarekin lotuta egongo da autobus geltokia, eta behealdean aparkaleku publikora bideratutako bi soto izango ditu. Sestra gainean, babestutako hogei etxebizitza tasatu eraikiko dituzte, eta salmenta libreko 45 etxebizitza inguru.
"45 etxebizitza libre horiek bere gain izango dute, hein handi batean, eremu guztiaren urbanizazio karga. Autobus geltoki berria eta hauen aparkaleku publikoa barne, baita Itxasmendiko zubia ere", zehaztu zuen alkateak bere argudioetan: "Bestela, ezinezkoa da proiektu honen bideragarritasuna!". Aldaketa honek, gainera, trenbidearen trazadura askatzeko balioko duela zehaztu zuen Txurrukak.
"Sustapen publikora beti"
Podemos Equo Berdeak-eko bozeramaile Oihane Delgadok azaldu zuen etxebizitza babestuak egitearen aldekoa dela beraien taldea, baina "ez horrenbeste" Iritan. "Aitzitik, argi utzi behar dugu ez gaudela batere konforme Amillubin etxebizitza libreak eraikitzearekin. Zarautzen dagoen etxebizitza arazoa kontuan izanda, ez zaigu ongi iruditzen. Udal lur publikoarekin beti etxebizitza publikoak eraiki beharko lirateke. Sustapen publikora bideratu behar da, eta ez Amillubin egin asmo dena", azaldu zuen Delgadok.
Lur hori zarauztarrena dela azpimarratu zuen gainera, eta etxebizitza horiek izango duten eskuragarritasunaren inguruan kezkatuta agertu zen: "Oso garestiak izango dira, eta herritar arruntek ezin izango dute erosi. Udatiarrek bakarrik erosi ahal izango dute".
Iritzi bera partekatu zuen EH Bilduk. "Etxebizitza larrialdia du Zarautzek", esanez abiatu zuen bere hitzartzea Itziar Murua bozeramaileak, eta etxebizitzak daukan "funtzio soziala" nabarmenduz jarraitu zuen: "Ez da nahikoa etxebizitza berriak eraikitzea. Sektore publikoaren esku-hartzea beharrezkoa da, etxebizitza sozialen parkea handituz eta bultzatuz. Horretarako, etxebizitza publikoak egiteko, lur publikoak edukitzea ezinbestekoa da". Hori horrela, Amillubiko etxebizitza orok funtzio soziala bete beharko luketela iritzi dio koalizioak.
Herritarren lurrak "espekulaziora" bideratu nahi izatea leporatu zion Udal Gobernuari, eta "onartezina" dela argudiatu zuen lur publikoak erabiltzea etxebizitza pribatuak egiteko. EH Bilduko bozeramaileak azaldu zuenez, "badakigu lurrak salduta udalak dirua irabaziko duela eta horrekin gauzak egiteko aukera izango duela, baina hori ez jasotzea lehentasunezko inbertsio bat kontsideratu beharko litzateke. Lurrak herriarenak direlako, eta lurren jabetza mantendu beharko litzatekeelako".
PSE-EEko ordezkari Gloria Vazquezek esan zuen aldaketarekin espazioaren berrantolaketa sustatu nahi dutela, non babestutako etxebizitza multzo zabala eta autobus geltoki berria eraikiko diren. Horrez gain, ingurumen zinegotzia den aldetik, azpimarra berezia egin nahi izan zion hezeguneari: "Hasierako proiektuan zubi luze bat aurreikusten zen, eta jendetzak erabiliko zuenez, berau kentzea erabaki dugu espazio zaurgarri honetatik. Itxasmendiko bizilagunekin bilerak egin ondoren, egungo oinezko zubia beste bategatik ordezkatzea erabaki dugu". Vazquezen iritziz, "proposamen oso ona da ingurugiroaren birsortzeari dagokionean".