Boiseko (Idaho, Estatu Batuak) euskal etxeko korua iritsi da Euskal Herrira. Gaur, gainera, eskualdeko bi herrietako udalek ongi etorria egin diote. Lehendabizi Getarian izan da abesbatza. 10:00etan zuten hitzordua jarrita, eta Haritz Alberdi alkateak jaso ditu guztiak udaletxean bertan.
Birarekin jarraituz, ondorengo geldialdia Zarautzen egin dute. 12:30ak aldera hasi dira Musika Plazara gerturatzen, eta bertan ziren Montetxioko kideak, txistulariekin batera, ongietorria emateko.
Arrano elkartekoek aurresku emanaldi bat eskaini diete eta jarraian, herriko abestiak kantatzen aritu dira. Besteak beste, Epo itai tai ye, Saltzen saltzen, Behin betiko eta Triste bizi naiz eta abestien letrak entzun dira plazan eta gerturatu direnek iparramerikarren euskara entzun ahal izan dute. Bertatik igaro diren hainbat herritar ere batu dira Biotzetik eta Montentxio koruekin abestera, eta trikitixen laguntzarekin, herriko plaza girotu dute.
Ospakizunari jarraipena emateko, pintxoak eta edariak eskaini dizkiete, Arrano tabernaren eskutik. Euskaldunek eta iparramerikarrek bat egin dute eta gaurko birari jarraipena emateko, Zarautzeko emanaldiaren ostean Hondarribira abiatu dira bazkaltzera. Arratsaldeko zazpietan, Lasarteko Xumela koruarekin abestuko dute Okendo plazan, egunari amaiera biribila emateko.
"Pozik gaude Euskal Herria ezagutu eta gurekin bat egitera etorri den koru honek Zarautzen ere abestuko duelako. Euskal Herriko historia ez da hemendik bakarrik idatzi, isatsoz beste aldetik ere orri asko idatzi dira urte luzeetan", azaldu dute Montetxioko kideek.