Elea Boak bakarkako lehen diskoa kaleratu du

Julene Sorarrain 2024ko maiatzaren 29a

Elea Boa. (Utzitakoa)

Zazpi abestiz osatutako lana da Etxean, "etxetik urrun etxean bezala sentitzen direnentzat" sortutako proiektua. Diskoarekin batera, Gabezia Hau abestiaren bideoklipa ere kaleratu du. Dagoeneko entzungai dago plataforma guztietan.

Elea Boa abeslariak bere bakarkako lehen diskoa kaleratu du, Etxean. Lana zazpi abestik osatzen dute: Amesten, Argi Denak Piztean, Herri Edo Arrotz, Gabezia Hau, Apar, Arriskuak etaTalka (Gerturatu Zaitez), hurrenez hurren. "Etxetik urrun etxean bezala sentitzen direnentzat. Baita etxean etxetik urrun sentitzen direnentzat ere", deskribatu du bakarlariak.

Diskoarekin batera, Gabezia Hau abestiaren bideoklipa ere kaleratu du, Sergio Abuja eta Stefano Giorgetti zinemagileek zuzendutakoa, hain zuzen. Musika bideoen mundutik dator Sergio, eta Stefano, aldiz, efektu berezienetik. Bi unibertsoak uztartu dituzte bideo honetan, eta euren lehen elkarlana izan da.

Musikariak azaldu du Unreal Engine izeneko 3D programa erabili dutela bideoklipeko irudi berritzaileak eta trantsizioak lortzeko, "kamera hutsez lor ezin daitezkeen mugimenduak" sortzeko, hain zuzen: "Larunbat goiz batean, seietan jaiki eta egunsentirako Los Angeleseko Venice Beachen ginen, iPhone batekin irudi batzuk grabatzeko. Haiek uztatu eta animatzearen emaitza da ikusgai duzuena: sormen prozesuan murgildutako buru baten hegaldi epikoa". Diskoa plataforma guztietan dago entzungai.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide