Zarautz Kirol Elkarteko eskubaloi atalak bolada onean jarraitzen du; izan ere, lehen taldeak duela bi asteburu lortutako maila igoerari jarraipena eman diote kadete mailako mutilek. Etxean jokatutako Espainiako sektorea irabazi dute, eta, bide batez, harrobia ere indartsu datorrela erakutsi dute.
Sektorea irabazita, Espainiako Txapelketako azken faserako sailkatu dira. Zortzi taldek soilik lortu dute azken fase horretara sailkatzea eta ekainaren 5etik 9ra jokatuko dute, oraindik zehazte dagoen egoitza batean. ZKErekin batera, honako honako zazpi talde hauek lortu dute txartela: Iruñeko Anaitasuna, Bartzelonako Barça A eta Granollers, Zaragozako (Aragoi) BM Dominicos, Ciudad Realeko (Gaztela-Mantxa) BM Prado Marianistas, Pontevedrako (Galizia) Cisne eta Kanaria Handiko BM Galdar.
ZKEk Asturiasko Covandongaren aurka atzo jokatutako hirugarren eta azken partidan lortutako garaipenari esker lortu du azken faserako sailkatzea. Larunbatean Bartzelonako Sant Andreu taldearen aurka jasotako porrotaren ondoren aldapan gora jarri zitzaion sailkapena etxeko taldeari, baina gai izan zen kolpetik osatzeko eta azken partida erabakigarria irabazteko, esan bezala. Aipatu hiru taldeek launa puntu bildu dituzte bina garaipen eskuratuta, baina aldeko eta kontrako golei erreparatuta, ZKEk lortu du balantzerik onena eta horri esker egin du aurrera. Sevillako (Andaluzia) Montequinto izan da Zarauzko sektorea jokatu duen laugarren taldea, baina partida guztiak galdu ditu.