Azken hatsera arte borrokatu behar izan du Amenabarrek Aritzabatalden jokatutako igoera fasea irabazi eta iaz galdutako zilarrezko mailara itzultzeko; izan ere, neurketa amaitzeko zazpi segundoren faltan lortu du gaurko partidako garaipenaren gola. 34-33 gailendu dira etxekoak Sant Cugaten aurka eta Aitor Zulaikak egin du azken gol hori, penaltiz.
Bistan denez, emoziorik ez da falta izan gaurko partidaren amaieran, eta ezta polemikarik ere, aurkariek asko protestatu baitute penaltia adierazteko epaileen erabakia. Sant Cugateko jokalari batek falta egin ondoren, baloia urrundu izanak piztu du sua. Epaileek ebatzi dute nahita egin duela denbora galtzeko eta Amenabarrek astirik ez izateko jokaldia osatzeko, eta, ondorioz, txartel gorriarekin zigortu dute jokalaria eta penaltia adierazita taldea.
Horren aurretik gertatutakoari erreparatuta, aurpegi asko izan ditu partidak. Lehenengo zatian, erasoan ezin asmatu ekin dio partidari Amenabarrek eta 3-0 aurreratu da Sant Cugat. Gerora, ordea, kataluniarrei kostatu zaie ate aurrean asmatzea eta partida parekatu du etxeko taldeak. Aurretik ere jarri da, baina aurkarien lehenengo zati amaierako estualdiak, kanpokoen alde desorekatu du balantza. Hala, San Cugatek bi goleko abantaila zuela joan dira atsedenaldira: 15-17.
Bigarren zatian, berriz, indartsu kantxaratu da etxeko taldea, eta, azkar lortu du neurketa atzera berriro parekatzea eta markagailuan aurretik jartzea. Bost goleko errenta izatera ere iritsi da, baina partida kontrolpean eta garaipena poltsikoan zuela zirudienean, nekea azaldu da. Gainera, aurkariak defentsa aurreratu eta presioa areagotu izanak ez du lagundu, akatsak egiten eta baloia galtzen hasi baita Amenabar. Hala, azken 30 segundoetan sartuta zeudela, partida berdintzea lortu du Sant Cugatek. Horren ondoren, presaka atera du baloia etxeko taldeak, eta aurkariak jokaldia garatzen utzi ez dionez, gogor zigortu dute epaileek, esan bezala. Zulaikak konfiantzaz jaurti du penaltia eta lehertu egin da Aritzbatalde.
Edonola ere, ospakizunak oraindik ez dira amaitu. Herrigunean jarraituko dute udalak Amenabarri egingo dion harrerarekin. 19:00etan jarri dute hitzordua Lege Zaharren Enparantzan.
Cordobari eskerrak
Amenabarren igoera ez litzateke posible izango, aurrez, eguneko lehenengo partida Cordobak irabazi izan ez balu. Sendo aritu dira andaluziarrak eta nagusitasunez gainditu dute Granollers: 25-38.
Hori horrela, Amenabarrek faseko lehenengo partidan Cordoba garaitu zuenez, eta, bi taldeek soilik lortu dituztenez 4 puntu biltzea, Amenabar izan da txapelduna, nahiz eta Andaluziako taldeak zenbaki hobeak izan dituen jasotako eta egindako gol kopuruan. Nolanahi ere, Cordobak oraindik badu mailaz igotzeko aukerarik; izan ere, asteburuan jokatu diren beste bi igoera faseetan bigarren sailkatu direnen arteko onena izan da. Hala, Zilarrezko Mailako azken laugarren sailkatu den taldearen aurka kanporaketa jokatu beharko du, eta irabazleak lortuko du datorren sasoian maila horretan lehiatzeko azken plaza.