Tentsio uneak izan dira gaur goizean Zarautzen Eguzkiko autobus geltokiaren inguruan. Izan ere, informazio mahaia jarri dute han Vox alderdi ultraeskuindarreko kideek, eta kalearen bestaldean herriko hainbat gazte elkartu da haiei oihu egin eta alde egiteko esanez. Faxistak kanpora esanez aritu dira, besteak beste.
Ertzainak bertaratu dira, eta bi aldeetan jarri dira Voxekoak babesteko eta gazteei handik mugitzen ez uzteko. Istilurik ez da egon, eta Voxekoek mahaia jaso eta alde egitea erabaki dute gazteek egindako presioaren ondorioz.
Ekainaren 9an egingo dira Europako Parlamenturako hauteskundeak, eta alderdiek hasita dute hauteskunde kanpaina. Voxek Zarautzen horregatik jarri du postua.